NAIZ

Xistor Haranburu baldintzapean aske uztea «berri ontzat» jo dute EH Baik eta EH Bilduk

EH Bilduk eta EH Baik Parisko Dei Auzitegiak onartutako Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasuna «berri ontzat» jo dute. Ildo horretatik, «oro har, frantziar eta espainiar estatuen jarrera atzerakoia» izan arren, Parisko Dei Auzitegiaren «jarrera aldaketari ongietorria» eman diote.

Xistor Haranbururen askatasunaren aldeko kontzentrazioa Senperen, 2019ko urrian. (Guillaume FAVEAU)
Xistor Haranbururen askatasunaren aldeko kontzentrazioa Senperen, 2019ko urrian. (Guillaume FAVEAU)

Parisko Dei Auzitegiak Xistor Haranburu euskal presoak galdegindako hirugarren baldintzapeko askatasun eskaera onartu izana «berri ona» dela nabarmendu dute EH Bilduk eta EH Baik.

«Azken urte luzeetan alde bakarretik eramana izan den eta frantziar zein espainiar estatuekin –behin eta berriz– talkan egondako bake prozesuak, etapa garrantzitsu bat gainditzea lortu du», azaldu dute ohar batean. Gainera, azpimarratu dutenez, bakearen aldeko hautua «Euskal Herriko eragile ia guzien engaiamendua da, Euskal Herriko jendartearen gehiengoak sustengatzen duena eta berrikitan burutu diren mobilizazioek baieztatu duten bidea da».

Bi koalizioek azaldu dutenez, azken urteotan izan diren etapa guztiak Euskal Herrian bake iraunkorra lortzeko bidean izan arren, «su etena, armagabetzea edo disoluzioa» bezala, «oro har, frantziar eta espainiar estatuen zein haien justizia aparatuen jarrera atzerakoia izan da». «Horregatik, Parisko Dei Auzitegiaren jarrera aldaketari ongi etorria egiten diogu», adierazi dute.

Zentzu honetan, pozik agertu dira «Xistor gure artean laster ikusteko aukera emango digun gaurko erabakiagatik», baina Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Unai Paroten kasuak ere gogoratu dituzte. «Espero dugu datozen berriak zentzu berean joanen direla, bereziki Jakes, Jon, Unai eta gainontzeko euskal preso politiko guztien kasuan».

Bake Bidea: «Urte askoko lanaren ondorioa da»

Bake Bideak ere, Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko mugimendu zibilak, positiboki baloratu du Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasuna eta erabaki hori «urte askoko lanaren eta mobilizazioen ondorio» dela azaldu dute. «Defentsako abokatuek, gizarte zibilak eta hautetsiek egindako lanari eta mobilizazioei esker lortu da», adierazi du Bake Bideak.

Halaber, «gero eta determinatuagoak» jarraitzeko prest agertu da, Jon Parot eta Jakes Esnal «lehenbailehen atera daitezen eta preso guztiak libratzeko bideak har ditzagun».