NAIZ

Andaluziatik Euskal Herrira droga ekartzen zuen talde bat desegin eta hamar lagun atxilotu dituzte

Andaluziatik Euskal Herrira droga ekartzen zuen «talde kriminal bat» desegin dute Ertzaintzak, Polizia espainiarrak eta frantsesak. Hamar lagun atxilotu dituzte Irunen, Villabonan, Baionan, Sevillan eta Malagan.

Operazioan 80 kilo marihuana atzeman dituzte. (ERTZAINTZA)
Operazioan 80 kilo marihuana atzeman dituzte. (ERTZAINTZA)

Ertzaintzak eta Polizia espainiarrak Andaluzia eta EAEren artean «droga trafiko sistematikoan» aritzen zen «talde kriminal bat» desegin dute Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin batera egindako operazioan. Guztira zortzi pertsona atxilotu dituzte, eta beste hiru ikertzen ari dira.

Ohar batean azaldu dutenez, ikerketari urte hasieran ekin zioten eta urriaren 18an lortu zituzten lehenengo emaitzak, taldearen burua eta antolakundean inplikatutako emakume bat atxilotu zituztenean. Bi pertsona horiek Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuak atzeman zituen, Esku Hartzeko Unitatearen laguntzaz, bakoitza bere autoan Irunen AP-8ko ordainlekura sartzera zihoazela, marihuana zama bat zutela. Arratsalde horretan bertan hirugarren pertsona bat atxilotu zuten Irunen bertan.

Bien bitartean, Polizia espainiarrak beste bi pertsona atxilotu zituen Malagan, Marbellan zehazki. Beste bi pertsona Sevillako Villaverde del Rio herrian atxilotu zituzten.

Horretaz gain, 34 urteko gizon bat atzeman zuen Ertzaintzak Villabonan, talde horri drogaren garraioan laguntzea leporatuta. Espetxeratu egin zuten.

Atxiloketa guztiak urriaren 18tik 20ra bitartean egin zituzten. 20 urtetik 60 urtera bitarteko sei gizon eta bi emakume dira. Haietako bost Gipuzkoatik Malagara, Cadizera eta Huelvara joan ziren urte hasieran, eta bertan kokatu ziren aldi baterako, jarduera garatu ahal izateko.

Polizia frantsesak, gainera, Baionako bi herritar atxilotu zituen, 31 urteko gizon bat eta 28 urteko emakume bat. Bi pertsona horiek marihuana erosten zioten desegin duten taldealari gero Estatu frantsesean zehar saltzeko. Gizona espetxean sartu zuten.

Poliziaren arabera, Andaluziatik aldian behin etortzen ziren EAEra, gero bertan eta Bidasoaz bestaldeko hainbat herritan, batez ere, Angelun eta Baionan, banatzen zuten marihuana garraiatzera. Desplazamenduak egiteko ibilgailu-konboiak antolatzen zituzten, eta horietako bat garraiorako erabiltzen zuten eta gainerakoak, kasu guztietan, lanzadera moduan, bidea irekitzeko eta Poliziaren presentzia saihestu ahal izateko.

Guztira bost miaketa egin zituzten Irunen, Marbellan eta Villaverde del Rion, 80 kilo marihuana atzeman eta bi plantazio desegin zituzten. Bestalde, delitu-jardueran erabiltzen zituzten hiru auto eta bi furgoneta ere konfiskatu zituzten. Horrez gainera, taldeak erosita zuen eta Cadizen, Algeciraseko portuan, lotuta zegoen zazpi metroko luzerako aisirako ontzi bat eta taldeak Galizian eraikitako uretako motorraren prototipo bat ere atzeman zituzten. Biak droga Marokotik espainiar Estatura, Gibraltarreko itsasartetik, garraiatzeko ziren, Poliziaren arabera.

Ertzaintzak eta Polizia espainiarrak atxilotutako zortzi pertsonak epailearen aurrera eraman ondoren, horietako hiru espetxean sartzeko agindua eman zuen, eta gainerako atxilotuak aske geratu ziren karguak egotzita eta kautelazko neurriak ezarrita. Horrela, Irungo ordainlekuan atzemandako emakumeari 10.000 euroko fidantza ezarri zioten espetxea saihesteko.