NAIZ
DONOSTIA

Zinemaldian irabazle izan ziren emakumeen film laburrak ikusgai izango dira Tabakaleran

Aurten Donostiako 68. Zinemaldian Urrezko Maskorra zein New Directors, Horizontes Latinos eta Zabaltegi-Tabakalera sailetan garaikurrak eskuratu zituzten emakumezko zinemagileen aurreko lanak ikusi ahalko dira urriaren 30ean eta azaroaren 12an Tabakaleran.

Catarina Vasconcelos zinema zuzendariak Zabaltegi-Tabakalera saria irabazi zuen. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Catarina Vasconcelos zinema zuzendariak Zabaltegi-Tabakalera saria irabazi zuen. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Donostiako Zinemaldiko 68. edizioan hainbat sailetan gailendu ziren emakumezko zinemagileak beren film luzeekin. Ordea, izenburu horien aurretik hainbat film labur egin zituen bakoitzak eta hain zuzen horiek ikusi ahal izango dira ostiral honetan (hilak 30) eta azaroaren 12an Tabakalerako Partekatutako Pantailan.

Lehen saioan, urriaren 30ean (ostirala), Dea Kulumbegashvili (Georgia, 1986) zuzendariaren ‘Leta/Léthé’ (2016) film laburra emango da. Zuzendariaren estreinako film luzeak, ‘Beginning’, lau sari jaso zituen Zinemaldiaren 68. edizioan: Urrezko Maskorra, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria eta Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra (Ia Sukhitashvili aktoreak jaso zuen, zehazki).

Saioa osatzeko, Isabel Lamberti (Bühl, 1987) zuzendariaren ‘Vader/Father’ (2019) film laburra (Kutxabank-New Directors saria irabazi zuen ‘Last Days of Spring’ filmarekin) eta Catarina Vasconcelos (Lisboa, 1986) zuzendariaren ‘Metáfora ou a tristeza virada do avesso’ (2013) lana emango dira (Zabaltegi-Tabakalera saria irabazi zuen ‘A metamorfose dos pássaros’ estreinako film luzearekin).

Azaroaren 12an (osteguna), bigarren saioa egingo da. Horretan ere Lambertiren eta Kulumbegashviliren lan zaharrago bana ikusiko dira, ‘Amor’ (2017) eta ‘Invisible Spaces’ (2014), hurrenez hurren. Horiekin batera, bi film labur emango dira: ‘400 maletas’ (2015), Fernanda Valadez (Guanajuato, 1981) zuzendari mexikarrarena (Horizontes saria irabazi zuen ‘Sin señas particulares’ lanarekin), eta Takuma Sato (Tokio, 1977) zuzendariaren ‘Sticks and Stones’ (2019). Zuzendari horren bigarren film luzeak, ‘Any Crybabies around’, Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria jaso zuen Yuta Tsukinagaren lanarengatik.

Artxibo bizia

Halaber, abenduaren 4an, ‘Zinemaldia 70. Historia posible guztiak’ ikerketa-proiektuaren bigarren saio publikoa egingo da. Iazko jardunaldian, Zinemaldiak Trantsizioan (1976-1980) izan zuen bilakaeraz jardun ziren, eta, oraingoan, Zinemaldiak Francoren diktadura garaiko zentsurarekin izandako harremana izango da aztergai, Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) ikasleek ikasturtean zehar eginiko ikerketa batetik abiatuta.

Hauek izango dira ikerketa-kasuak: 1960. urtean Lehen Zinema Ikasleen Bilkuran gertatutako polemika; 1968ko New American Cinema zikloan sortutako arazoak, eta 1971eko edizioan zentsuratu eta programaziotik kendu behar izan ziren bi filmak: ‘Canciones para después de una guerra’ (Basilio Martin Patino) eta ‘Liberxina 90’ (Carles Durán).

‘Zinemaldia 70. Historia posible guztiak’ proiektuak Zinemaldiaren artxibo bizia sortzea du helburu eta 2022an, hain zuzen Zinemaldiak 70. edizioa ospatzen duenean, amaituko da lehen fasea.