NAIZ

Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bultzatzeko ekitaldia, gaur arratsaldean Hamaika Gararekin

Hamaika Gara ekimenak ‘Altxa!’ izeneko ikuskizuna eta ekitaldi politikoa eskainiko du gaur arratsaldean. Internet bidez izango da eta hainbat herritan ere emanaldiak antolatu dituzte. Ekitaldi honen bidez herritarrak aktibatu eta erreferendumaren aldeko sinadura bilketari bultzada eman nahi diote sustatzaileek.

Hamaika Gara egitasmoaren aurkepenaren argazkia. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Hamaika Gara egitasmoaren aurkepenaren argazkia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Gure Eskuk eta beste 23 eragilek bultzatzen duten Hamaika Gara ekimenak «lehen mugarria» jarriko dute larunbat honetan ‘Altxa!’ ikuskizunarekin. Ekitaldi politiko eta kulturala prestatu dute, eta sustatzaileez gain, nazioarteko erreferentziazko pertsonek eta hainbat kulturgilek parte hartuko dute. Durangoko Plateruena antzokian izango da, arratsaldeko 18.00etan, ikuslerik gabe, eta www.hamaikagara.eus webgunean ikusi ahal izango da streaming bidez, 3 euroren truke.

Internet bidez eskaintzeaz gain, hainbat herritan ere emanaldiak antolatu dituzte, segurtasun neurriak beteta, herritarrei ekitaldia ikusteko aukera emateko.

Gure Eskuk ohar batean nabarmendu duenez, osasun krisiaren ondorioz bizi dugun «egoera latzaren aurrean, herritarrok ezin gara etsipenean erori, ezin dugu zer gertatuko zain geratu; altxa egin behar gara. Inoiz baino gehiago, komunitatearen indarrean sinetsi behar dugu, elkarri eskua eman behar diogu eta eskubide eta askatasun kolektiboak babestu eta zabaltzearen alde ekin».

‘Altxa!’ ekitaldiaren bidez, herritarrak aktibatu eta erreferendumaren aldeko sinadura bilketari «bultzada handi bat» eman nahi diote Hamaika Gararen sustatzaileek.

40 minutu inguruko ikuskizunarekin hasiko da saioa. Gotzon Barandiaran gidoilariak azken hamarkadetan zehar bidaia bat proposatzen du, euskaldunon erreferente kulturalak ardatz hartuta. Amancay Gaztañaga zuzendariak azaldu duenez, transmititu nahi izan dute herri gisa «nondik gatozen, nora goazen, bide horretan zer ebaki behar izan dugun, eta nola eraiki genezakeen etorkizun berri bat atzean utzitakoa galdu gabe». Oholtza gainean ariko dira Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreak, Amets Arzallus bertsolaria, eta Eñaut Elorrieta eta Ruben Caballero musikariak.

Horren ondoren, Hamaika Gara egitasmoaren sustatzaileek hartuko dute hitza, ekimena batzen ari den herritar eta eragileen aniztasuna ordezkatuz. Helburuak zehaztu eta «gizarteari erronka botako diote». Horrekin batera, nazioarteko erreferentziazko pertsonen mezuak ere ikusi ahalko dira. Bukatzeko, Dupla musika taldeak duela bi aste estreinatu eta milaka ikustaldi izan dituen Hamaika Gara abestia eskainiko du.