NAIZ

Akordiorik ez dute lortu Tubos Reunidos enpresako ABEEEan

Tubos Reunidos enpresan zuzendaritzak ezarri nahi duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen inguruan (ABEEE) ez da akordiorik lortu, LAB sindikatuak jakitera eman duenez. Azaroraren 1ean hasi eta zortzi hilabetez luzatuko litzateke eta 686 langileri eragingo lioke.

Tubos Reunidos enpresaren lantegia Amurrion. (Juanan RUIZ/FOKU)
Tubos Reunidos enpresaren lantegia Amurrion. (Juanan RUIZ/FOKU)

Akordiorik gabe itxi zen asteazkenean Tubos Reunidos Industrial enpresak, azaroaren 1ean hasita eta zortzi hilabeterako, 686 langileri ezarri nahi dien Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (ABEEE) negoziazio aldia, LAB sindikatuak jakitera eman duenez. Aplikazio hori lanaldiaren %66koa da sail gehienetan eta %39koa sail jakin batean. «Kasualitatez, zuzendaritza aplikaziotik kanpo geratzen da berriro ere», salatu du LABek.

«Zuzendaritzak beharrezko dokumentazio gisa aurkeztu digun azalpen memorian, beste neurri batzuen artean berregituraketak aipatzen dituen bideragarritasun plan bati buruz hitz egiten du. Plan hori urte amaierarako amaituko dutela esan dute, nahiz eta taldeko presidente berriak hilabete batzuk badaramatzan enpresaren agintean. LABek ez du ulertzen zuzendaritzak horrelako neurri zorrotzak har ditzakeenik hain eragin handia duen ABEEE batekin, bideragarritasun plana egin gabe dagoenean», azaldu du sindikatu honek.

2008an, akziodunek, finantza mugimendu bati esker, enpresa zorpetu zuten 170 milioi euro banatzeko, zorra 35 milioi eurotik 200 milioi eurora handituz. «Orduz geroztik, hau da langileei aplikatzen zaigun zortzigarren ABEEEa, eta horri gehitu behar zaio 2016ko abendutik iraungitako hitzarmena dugula, nahiz eta Tubos Reunidos taldeko presidenteak neurri traumatikoak baztertzeaz hitz egin, orain arte ezagutu ez bagenitu bezala; are gehiago bere ordainsari aldagaiak kostuak murrizteari lotuta daudenean», adierazi du LABek.

«Bitxia bada ere, lau urte daramagu entzuten zuzendaritzaren ahotik kostuak gehituko dituen neurriak ezin direla negoziatu, eta hiru milioi eurotik gorako kostua duen akordio bat proposatzen digute, inolako enplegu bermerik gabe. Proposamen honen asmoa, akordioaren sinadura erostea da, aurkeztutako dokumentazioan aipatzen diren arrazoiak eta balizko berregituraketak bermatzeko», gaineratu du sindikatuak.