NAIZ

Eskuin muturrari «bizkarra eman» eta inbertsio publikoen alde mobilizatzeko deia egin du Sortuk

Bart Bilboko Indautxu auzoan «eskuin muturrak egindako deialdiaren harira» izandako mobilizazio eta istiluen harira, «diskurtso ustez desobediente» hori baztertu eta koronabirusak eragin duen krisiari aurre egiteko inbertsio publikoen alde mobilizatzeko deia egin du Sortuk.

Contenedores quemados en la protesta. (@BomberosBilbao)
Contenedores quemados en la protesta. (@BomberosBilbao)

Bilbon izandako istiluen harira argitaratutako ohar baten bitartez, Sortuk «gogor salatu» du «eskuin muturrak baliatu nahi izatea krisi sanitario, ekonomiko eta sozial hau bere agenda erreakzionarioa indartzeko, diskurtso ustez desobediente, antiautoritario eta kontestatarioz mozorrotuta».

Ildo horretan, birusaren hedapenari aurre egin asmoz hartu diren neurriak eta krisi honek eragindako «ezinegona» euren «agenda desdemokratizatzaile, eskubide murriztaile eta autoritarioa indartzeko» baliatu nahi izatea leporatu dio eskuin muturrari, «zer eta demokraziaren, askatasunaren eta antiautoritarismoaren izenean». 

«Funtsean, sistemaren aurkako estetikaren atzean, sistema kapitalista patriarkala bera indartzea dute xede», gaineratu du alderdi abertzaleak.

Era berean, egoera honetara iritsi izanaren «arduradun nagusi» jo dituzte afera honen guztiaren «kudeaketa negargarria egin duten eta egiten ari diren administrazioen arduradun politikoak».

Kudeaketa horrek eragin baitu, Sorturen iritziz, herritarren «egonezina». «Haserrea eta mesfidantza hedatu ditu –azaldu dute–, jarrera berekoi eta indibidualistei, kolore bateko zein besteko negazionismo eta konspirazionismoei eta eskuin muturrari berari bidea zabalduz eta halako erronka kolosal bati arrakastaz aurre egiteak ezinbestean eskatzen dituen kohesio, konfiantza, elkartasun eta erantzukizun sozialak nabarmen zailduz».

Inbertsio publikoen defentsa

Testuinguru honetan, azpimarratu dutenez, «beste behin ere, beheokooi dagokigu agintariek orain arte izan ez duten eta orain ere izaten ari ez diren ardurarekin jokatzea»: «Behekooi dagokigu osasun publikoaren defentsa sutsua egitea; interes eta ongizatekolektiboak interes eta ongizate indibidualen gainetik jartzea; komunitatearen zaintza sareak antolatzea... Haiek ez baitute guregatik egingo, eta krisi sanitario, sozial eta ekonomikoak norbait kaltetuko badu, behekoak garelako.

«Inoiz baino gehiago, elkar zaintzeko unea» dela adierazi du alderdi abertzaleak.

Azkenik, krisiari aurre egiteko inbertsio publikoen alde mobilizatzen jarraitzeko deia egin dio Sortuk euskal jendarteari, «eta, horrekin batera, burujabetzaren nahiz sakoneko eraldaketa sozialaren eta ekonomikoaren alde, pandemiak zerbait erakutsi badu, indarrean den sistema ekonomiko eta sozialaren hutsak eta bidegabekeriak eta herritarrak babeste aldera estatu propio bat izatearen garrantzia baita».