NAIZ

Lander Garrok Agustin Zubikarai saria jaso du Ondarroan

Lander Garro idazle eta zinemagileak XX. Agustin Zubikarai saria jaso du Ondarroan ‘Faith’ behin-behineko izena duen nobela-proiektua gauzatu ahal izateko. Autofikziorekin jokatu, bere alter-egoak, Xabi Ugarte pertsonaiak, Bartzelonara joko du Euskal Herriko gatazkatik alde egin nahian.

Lander Garro Hendaiako etxean saria jaso baino ordu batzuk lehenago. (Bob EDME)
Lander Garro Hendaiako etxean saria jaso baino ordu batzuk lehenago. (Bob EDME)

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Agustin Zubikarai saria jaso du gaur arratsaldean Ondarroako Kofradia Zaharrean Lander Garro errenteriarrak, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan. Aurkeztu ziren hogeita bederatzi lanen artean Garroren proposamena aukeratu zuen Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.

Hau ez da idazleak aurten jasotzen duen lehen saria, berriki, Eider Rodriguezekin batera, Etxepare itzulpen saria jaso baitute Eider Rodriguez beraren ‘Bihotz handiegia’ nobelaren itzulpenagatik.

‘Faith’ du behin-behineko izenburua proiektuak, eta bertan kontatzen du Xabi Ugartek, idazlearen alter ego-ak, Bartzelonan pasatzen duen aldia, argazkilaritza ikastera joanda, hemengo giro nahasitik eta poliziaren jazarpenetik urrundu nahian. «Idazkera fresko eta sinesgarria, eguneroko bizitzaren taupadak idatziz jasotzeko abilezia, gai jasoen eta xeheen arteko konbinazio egokia eta testuaren erritmoa» nabarmendu dituzte epaimahaikideek, besteak beste, eleberri-asmoa irakurri ondoren.

Bihar GARA-k kaleratuko duen Lander Garrori eginiko elkarrizketan, idazleak nobela abiapuntuan autobiografikoa dela aitortzen du. Gero, fikziora joko du, noski, bere bizitzako pasarte batzuk abiapuntutzat hartuta. «Liburuak kontatzen duena da kartzela ondorengoa. Tipo bat, euskal gatazkak harrapatu duena bere amaraunean, ez da askatzen eta halako batean erabakitzen du Bartzelona joatea. Han egingo du beti amestu duen gauza bat; bizitza bohemio bat gauzatzea eta sorkuntza egitea. Metropoli handian herri kontzeptua utzi eta metropolia besarkatuko du; aberri hitzari uko egin eta kosmopolitismoa besarkatu… Berak bere patuari ihes egin nahi dio, baina aberriaren tentakuluak oso luzeak dira eta aberria tematzen da ez uzten ihes egiten».

Eta jarraitzen du; «Bestetik dago beste gauza bat: nola gure patua dagoen gure identitatearekin lotuta. Zergatik gara politikoki garen bezalakoak? Bizitzak jartzen zaituelako jarri zaituen tokian. Alde horretatik begiratuta, bada nolabait ere espekulazio ideologikoaren kontrako liburua; bakoitza dago bizitzak jarri duen tokian. Nobela patuari lotuta dago»