OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

‘Mendiko gaitza’ bere lehenengo nobela aurkeztu du Idoia Garzesek

Iazko Augustin Zubikarai beka irabazita idatzi du Idoia Garzesek bere lehenengo nobela, ‘Mendiko gaitza’ (Elkar). Arlet Anaut mendizaleari gauzak asko korapilatuko zaizkio Osin beltz mendi tontorreko postontzian aurkitu duen eskutitza erantzutea erabakitzen duenean. Idatzi zuen gizona desagertuta dago eta ezbeharrarekin lotura ote duen jakin nahiko du Ertzaintzak.

Idoia Garzes egile lasartearrak ‘Mendiko gaitza’ aurkeztu du Donostian. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Idoia Garzes egile lasartearrak ‘Mendiko gaitza’ aurkeztu du Donostian. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Arlet Anaut mendizale amorratua da, maite ditu gailurrak eta natura. Eta egun hartako irteera ez zen besteekiko ezberdina, ez zuen hala uste behintzat. Tontorrean egon ohi diren postontzia topatu eta irekitzean deskubrituko du barruan eskuz idatzitako txartel bat. Tradizioari eutsiz etxera eraman eta erantzutera animatuko da. Ekintza inozo horrek, ordea, dena katramilatuko du.

Txartelak urtebete zeraman zain mendiko postontzian zain, eta geroztik, idatzi zuen gizona desagertuta dago. Horregatik, haren helbidera Arlet Arnaut izena duen emakumearen eskutitza iristen denean… Ertzaintza berekin jarriko da harremanetan. Nor da? Ezagutzen al zuen desagertutako gizona? Zein lotura du gertaerekin? Galdera asko.

Idoia Garzes lasartearreak ostiral honetan aurkeztu du, Elkar argitaletxearen eskutik, idatzi berri duen nobela. ‘Mendiko gaitza’ azken urtean idatzi ahal izan du, iaz Ondarroako udalak eta Elkarrek urtero elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai beka saria irabazi ondoren. Egileak lehenago lan bat du argitaratua, ‘Hari single bat’, gaztetxoei zuzendutakoa eta 2018an Lizardi sariaren irabazlea.

Honako hau nobela beltza bezala deskribatu du, poliziakoa. Horregatik, legeak markatzen duen bezala, 240 orriak pasata askatuko dira korapilo guztiak.

Maitena, Arlet eta Erremintari

Bitxia bada ere, hasiera bere bizipen propio batean oinarrituta dago, alegia, Garzesi berari gertatu zitzaion mendiko txartel bat erantzun eta ondoren Ertzaintzak deitzea. «Hasiera egiazkoa da, baina hortik aurrera dena asmatu egin dut», abisatu du.

Asmakuntza ariketa horretan sortu ditu beste bi pertsonaia nagusi. «Hau nobela beltza da, beraz triangeluak ezin zuen falta». Batetik antiheroia dugu, Errementari ertzaina eta, bestetik, Maitena, desagertu den gizonaren emaztea. Nobelan zehar pisu handia izango duen pertsonaia da. «Femme fatal horietako bat da, ‘alargun beltza’ esaten zaiona. Armiarma bat bezalakoa da eta badu berezitasun bat, alargun beltzek bezala hariak mugitzen trebea dela, edozein erabiltzeko gai da eta bere arma sexua da. Ez dago hori baino soka sendoagorik jendea trakamilatzeko». Sexuaz baliatuko da Maitena, hain zuzen, Arlet bereganatzeko.

Arlet Arnau protagonistarena da ahotsa, bera da narratzailea eta berak eramango du irakurlea aurrera eta atzera. Pertsona berezia dela esan du egileak. Asko eta sakon landu du bere profil sikologikoa, bere nortasuna ere oso definitua dago. «Oso emakume berezia da, mendizale amorratua da eta zaputza da, pertsonengan baino konfiantza gehiago du Zientzian, Naturan eta Matematikan. Arlet Anautek Asperger sindromea du», hasi da azaltzen egile lasartearra.

Sindrome hau dutenetaz esan ohi da zailtasunak dituztela bestearen larruan jartzeko eta komunikatzeko arazoak dituztela, baina Arletek ez du uste arazo berak duenik, gizarteak baizik. «Berak ez du artaldearen parte izan nahi. Ez du autoritatea irensten, alergia dio, dela familia, eskola, edo gizartea, eta konbentzioak ere ez ditu maite, konbentzioak dira gizarteak egia absolututzat dituen arauak, eta Arletentzat horiek sinismenak dira».

Asko irakurriz landu du pertsonaia. Halakoa behar zuen ‘Mendiko gaitza’ bezalako trama osatzeko. «Protagonista azkar bat nahi nuen, indartsu, kikiltzen ez dena. Ez du iragazkirik eta horregatik burutik pasatzen zaion lehenengo gauza esaten du lasai askoan. Behar nuen joko hori sortzeko balio zidan [profilak]. Era berean, beldurra eta mesfidantza sortzen du, ironikoa eta intutitiboa da».

‘Mendiko gaitza’ eleberria arratsalde honetan aurkeztuko da Ondarroan, Literatur amuak jardunaldietan, eta jarraian, 2020ko deialdiaren irabazlea aurkeztuko du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. Lehengo astean jakitera eman zenez, Lander Garrok irabazi du ‘Faith’ nobela proiektuarekin.