NAIZ

Material iraunkorren bidez ehun-jantziak lortzeko elkarleanean ari dira CIC nanoGUNE eta AEG

CIC nanoGUNE eta AEG Berrikuntza Profesionalerako Eskola elkarlanean ari dira material birziklatuetatik eta biodegradagarrietatik harizko zurak lortzeko. Donostiako bi erakundeen proiektuak aukera ematen du ehungintza sektorean fabrikazio teknika berriak bultzatzeko.

Ehungintza industria iraunkorrago baten alde lanean ari dira. (NAIZ)
Ehungintza industria iraunkorrago baten alde lanean ari dira. (NAIZ)

Donostiako CIC nanoGUNEk eta AEG Berrikuntza Profesionalerako Eskolak elkarlanean dihardute material iraunkorren bidez ehun-jantziak lortzeko, ohar batean adierazi dutene. Lankidetza honen helburu nagusia da material birziklatuetatik edota biodegradagarrietatik abiatuta «kalitate ezin hobeko harizko zurak lortzea, ehungintzan erabiltzeko edota ehunen 3Dko zuzeneko inprimaketarako».

AEGri dagokionez, «azken urteotan, material birziklatuak eta biodegradagarriak erabiliz ehunak fabrikatzeko metodoak bilatzen» aritu dira. Hain zuzen, arrakastaz garatu dute «3D inprimaketan oinarritutako eta mundu mailan aitzindaria den polimero birziklatuekin fabrikatzeko teknika bat», adierazi du Jose Carlos Alonsok, AEGko moda eta ehunen diseinuko sailekoa.

Horretarako, azken urteotan, Novaspider ekipoa garatu dute. «Ekipo horrek 3D inprimaketa egiteko teknikak eta zuntzak ekoizteko elektrospinning teknikak bateratzen ditu», azaldu du Javier Latasak, nanoGUNEko proiektuaren arduradunak. «Ekipoak material konposatu sendoak, arinak, porotsuak eta gainazal espezifiko handikoak diseinatzeko aukera ematen du, nanozuntz polimerikoetatik abiatuta. Nanozuntz horien izaera, diametroa, itxura eta morfologia modu erraz eta eraginkorrean modulatu daitezke», erantsi du.

Hala, «beste material batzuekin esperimentatzeko apustua egin da, beste material batzuk erabiliz porositatearen eta malgutasunaren propietate orokor berak izatea espero baita, eta material bakoitzari berezitasun espezifikoak eranstea, hala nola testura-aldaketa, propietate mekaniko desberdinak eta abar», adierazi du nanoGUNEn proiektuaren arduradun denak.

Bi erakundeak bat datoz esatean lan honen bidez ondoriozta daitekeela «elektrospinning teknikak eta nanoGUNEk garatutako Novaspider teknologiak aukera handia ematen duela ehun materialak ekoizteko lehengai gisa polimeroak erabilita».

Lortutako materiala zuntz ultrafinezko ehun porotsua, malgua eta elastikoa da. Beste polimero batzuekin egindako esperimentazioak, %100 birziklatuak izan daitezkeenak, «etorkizun zirraragarria eta oparoa eskaintzen digu, eta bultzada handia eman diezaioke ehungintzan fabrikazio aditiboko teknikak erabiltzeari», adierazi dute.

Material birziklatuak eta ingurumena errespetatzen dutenak erabiltzea bereziki interesgarria da, gure industriek ingurumenean duten eragina murrizteko premia dela eta. Ehungintza da munduko industria kutsagarrienetako bat.