Ramon SOLA

‘Naparra kasu irekia’, militante baten desagerpena eta familia baten sufrikarioa

Desagerpen ezagun batez ari gara baina finean bi auzi direla uste du Jon Alonsok, ‘Naparra kasu irekia’ liburuaren egileak: 1980ko ekainaren 11n gertatutakoak eta geroztik Jose Miguel Etxeberriaren ondokoek izan duten –eta duten– ibilbide latza.

Jon Alonso egilea eta Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar). (Jon URBE | FOKU)
Jon Alonso egilea eta Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar). (Jon URBE | FOKU)

Jose Miguel Etxeberria Alvarez «Naparra» txiki-txikitatik ezagutu zuen Jon Alonsok, Iruñean. Duela 40 urteko ekainaren 11n desagertu zen militantearen oroimena ez zaio itzali, beraz, bizitza osoan. Baina azken urteotan berriro gurutzatu dira bien bideak: Tene Mujika bekaren bitartez auzian sakondu eta liburua osatu du Alonsok, ‘Naparra kasu irekia’ (Elkar argitaletxea).

Auzia aipatu dugu, baina azken finean bi kasu direla adierazi du Alonsok aurkezpenean. Batetik, 1980. urtean «desagertutako militante batena». Bestetik, «ordutik gaurko egunera arte bere gorpuzkinen bila ibili den familiaren kasu lazgarria, azpimarratu beharrekoa».

Hortaz, bi alde ditu liburuak. Lehenak Etxeberria nolakoa zen kontatzen du, bere militantzia politikoa, bere ibilera (Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen 1980an), garai hartako giroa... Bigarrenak, desagerpenaren ondorengo bide malkartua eta oraindik osatu gabea azaltzen du: hasierako miaketak, ibilbide judiziala bi estatuetan, itxaropenak piztu eta gero zapuztu dituzten gertaerak (2017an Landetan alferrik eginiko bilaketa)... horrek guztiak ematen du familiaren sufrikarioaren seinale.

Liburuak, jakina, ikerketa lana dakar barruan: lekukotasun ugari bildu ditu Jon Alonsok, ez ordea nahi zituen guztiak, «oraindik bizirik diren baina arrazoi ezberdinak tarteko hitz egin nahi ez dutenak egon badirelako». Ondorioz, ikerketa zabala izanda ere «mugaz eta hutsunez beterikoa» badela onartu du egileak.

Aurrera jarraitzeko hariak

Gertatutakoa argitu gabe bada ere, hipotesi ezberdinei buruz galdetuta zalantza gutxi agertu du Jon Alonsok: «Batallon Vasco-Español». ETAri seinalatu zionik izan zen: «1985. urtean agian hori pentsatzeak zentzu pixka bat izan zezakeen, baina orain jada ez. Gaur egun hipotesi horri eusten diotenak auzia jarraitu ez dutenak dira; orduan pentsatzen zutenari hautsa kentzen ari dira, nolabait esateko».

Urteotako lan mardul honetan, gauza batzuk berridatzi behar izan dituela aipatu du Jon Alonsok. Garrantzia eman dio, esaterako, Nazio Batuen Erakundeak «Naparra» bortxaz desagerrarazitako pertsonatzat hartu izanari, hiru ondorio dituelako: «Estatua inplikatua dagoela», zuzen edo zeharka, erakustea; auzia ezkutatu eta ukatu egin dela frogatzea; eta oraindik, 40 urte geroago, «desagertutakoaren inguru afektiboa osatzen dutenen kontra delitu egiten ari dela» ontzat ematea. «Berbiktimizazio» etengabea da Etxeberria Alvarez sendiak pairatzen duena.

«Kasu irekia», bai. Noiz arte? Argi-izpia ikusten du Alonsok, bereziki Labrit herriaren ondoko lur haietan bigarren miaketa egitea falta delako. «Egunen batean jakingo dela uste dut. Noiz? Hori ez dakit».