OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

Emakumeen antzerki urratzaileak hartu du Ganbila bildumaren hirugarren labealdia

Susa argitaletxearen gerizpean editatzen den Ganbila antzerki bilduma handituz doa, ‘Panpina’, ‘Zartatua’, ‘4.48 Psikosia’ eta ‘Bidaideak’ obrak batu berri direla. Emakumeek egindakoak dira guztiak, belaunaldi berrietan dituzte sustraiak batzuk, iraganetakoetan beste batzuk. Denek dute, ordea, garaikidetasunetik.

Ezker eskuin, Arantzazu Fernandez, Agurtzane Intxaurraga eta Erika Olaizola. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Ezker eskuin, Arantzazu Fernandez, Agurtzane Intxaurraga eta Erika Olaizola. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Oholtzatik paperera antzerki obrak eraman, transmisioaren katea ez eteteko, begirada berriak eransteko, antzerki lanari bizitza luzatzeko. Susa argitaletxearen baitan eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen (EHAZE) eskutik, Ganbila bildumak hirugarren labealdia aurkeztu du astearte honetan Donostian.

Erika Olaizolaren ‘Panpina’, Sarah Kaneren ‘Zartatua’ eta ‘4.48 Psikosia’ eta Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturberen ‘Bidaideak’ dira ale eta obra berriak. Mamitsuak, hausnarketarako eta eztabaidarako gonbita. Garai ezberdinetan idatziak eta taularatuak izan dira baina denek dute gaurkotasunetik asko.

Sorkuntzan, artean zein liburugintzan, izugarri garrantzitsua da idazle bakoitzak, arlo bakoitzak, bere garaiarekin eta bere garaia osatzen duten pertsonekin dialogatu ahal izatea, eta Oier Guillanek, EHAZEtik, adierazi zuen bezala, «antzerkigintzan dialogo horren falta sumatzen genuen liburugintzaren ikuspegitik, behintzat. Oholtzatik antzerkigintzak asko dialogatzen du jendartearekin baina liburugintzan sumatzen genuen halako hutsune bat eta zentzu horretan hirugarren labealdi hau izango litzateke dialogo posible horren adierazgarririk aparteneetako bat», aurreratu du.

2019an estreinatu zenetik, gaur egun oraindik oholtza gainean aktibo dagoen ‘Panpina’ obrak ireki du agerraldia. Bere egilea da Kamikaz Kolektiboko Erika Olaizola, eta bera da, aldi berean, aktore nagusia. Liburuak aurrena barne begirada bat jasotzen du, egileak berak egin dituen hausnarketa batzuk partekatu nahi izan ditu, nahiz proiektua bera oso kolektiboa dela azpimarratu duen. kanpo begiradari erreparatu dio lehendabizi. «Ni ere aktore bezala askotan sentitu naiz panpin», onartu du. Egoen inguruan mintzatzen da, eta bere buruari galdegiten dio zer duen jendearen aurrean erausteko, demostratzeko. «Zergatik jartzen naiz ikusgai?». Erikaren baitan bazegoela panpin bat ikusi zuen prozesuan.

Aleak obraren gidoia jasotzeaz gainera, emanaldi batera joan ziren bi sexologoren arteko elkarrizketa bat ere jasotzen du. «Emanaldi batera etorri ziren eta ondoren sortu zen elkarrizketa. Espazio libre bat utzi nien, ea zer iradokitzen zien hausnartu zezaten sexologiatik zer esan asko baduelako», azaldu du Olaizolak.

Liburua ‘Panpina’ hitzak iradokitzen duen begirada pertsonalak ixten du. Ainara Ortega, Eneko Sagardoy, Izaro Andres, Koldo Almandoz, Miren Amuriza eta Itziar Ituñori hitz horrek burura ekartzen ziena jasotzeko eskatu zitzaien. Bakoitzak idatzi bat sortu du, batak ez du bestearekin zerikusirik, eta hori da magia. «Ariketa polita izan da ikustea nola hitz beretik zenbat gauza ezberdin egin daitezken. Panpinaren unibertsoan denetarik dago», adierazi du.

Kane, Intxaurraga eta Iturbe

Itzulpenaren bidea ireki du Ganbila bildumaren baitan Sarah Kane antzerkigilearen obrak. Arantzazu Fernandezek ekarri du ingelesetik euskarara egile aitzindari honen begirada urratzailea, apurtzailea, kritikatua eta estimatua. Bi izenburu ekarri dira gure hizkuntzara, idatzi zuen lehena eta azkena, hain zuzen ere: ‘Zartatuta’ eta ‘4.48 Psikosia’.

«‘Dialogo’ hitza aipatu du Guillanek eta hori oso inportantea da, zeren literaturan eta dramaturgian dialogoa da gunea eta muina, eta itzulpenaren bitartez ekartzen duguna da dialogoa, elkarrizketa, oso oso berezia eta puntakoa izan den dramaturgo batekin, Sarah Kane», adierazi du, galdetuz: «Berak zer kontatzen du beste inork kontatu ez duena?».

Kontatu duenez, Margaret Tatcher-en garaian, krisi garaian, gazte askoren haserrea eta mina eraman zuen oholtzara, «eta ekarri zuen oso era berezi batean». Egin zuen oholtzaratuz mina eta krudelkeria osoa disimulorik gabe, hau da, «itsusikeria eta krudelkeria ekarri zituen. Eta horrek, kritikaren gaitzespena ekarri bazion ere, publiko gaztearen begirada bereganatu zuen, publiko berria gerturatu zuen antzerkira». Kritikaren onarpena, antza, beranduago etorri zitzaion, baina ordurako Kane-k erakutsi zuen gaitasuna hitz egiteko begiratu nahi ez ziren gaitaz, errealitateez. «Ez dira errazak, antzezteko ezta ere, ez dira goxoak, ezta atseginak ere, baina oso oso interesgarriak dira. Hitz egiten dute tripetatik eta bihotzean emango digute bete-betean. Interesgarria da antzerkizale den ororentzat horrelako testu batekin kontatzea», baloratu du.

Labealdi berria ixten du ‘Bidaideak’ izenburuak. Orain ia hogei urte ekin zioten elkarrekin ibilbideari Agurtzane Intxaurragak eta Arantxa Iturbek eta tarte horretan sortu dituzten hiru obra jaso dituzte: ‘Ai ama’ (2002), ‘Ixa’ (2003) eta ‘Aitarekin bidaian’ (2010).

Lehen obra hura 2002koa da, «inork ez zuenean amatasunaz gaizki hitz egiten», gogoratu du Intxaurragak. Iturbek, aipatu duenez, «sentitu zuena idatzi zuen». «Ni ere garai hartan ama berria izan nintzen eta bere testua irakurri nuenean elkartu egin ginen eta esan nion: ‘hau eszenara eraman behar dugu’. Hor hasi zen gure bidaia, eta hortik ‘Bidaideak’». «Amatasunaz hitz egin genuen, ama haiek zer sentitzen zuten jakin zutenetik haurdun zeudela. Bizitza aldatu zitzaien edo aldarazi zien gizarteak», Gaur egun, gai arantzatsua da.

Bigarren izenburuak, ‘Ixa’, diruaren truke antzerkia ikustera joaten den gizonaren bizimodua kontatzen du. Ez du moralik ez etikarik, bere irizpidea dirua da. Hori baino ez. Publikoan multzoa egiten laguntzeagatik ordaindu egiten diote, eta gaur egun bizi garen gizartearengandik hain urrun ez dagoela erantsi du, gurean dena ’zenbatean’ neurtzen baita. Hortik abiatuko da «istorio basati bat».

Aleari amaiera ‘Aitarekin bidaian’ izenburuak ematen dio. Zaintzaz mintzo da eta ustez emakumeei ematen zaizkien rolez. Ordea, egileek hiru gizon igo zituzten oholtzara. Justu horregatik eta horretarako erakusteko «emozioak ez direla emakumeen kontuak bakarrik». Ez da aspaldian taularatu, baina Intxaurragaren iritziz gaurkotasun izpirik galdu ez duen gai hau transmititzeko garaia da, «nork bere modura eta bere ikuspuntutik taularatzeko».