ANDONI ARABAOLAZA

Pandemiak baldintzatutako Mendi Film Jaialdia prest da

Gaur, Bilbon, euskal mendi zinemaldiaren hamahirugarren ekitaldia aurkeztu da; abenduaren 4an hasi eta 13an bukatuko dena. Pelikula guztiak online ikusteko aukera da aurtengo berrikuntza nagusia.

Nolabait esateko, Mendi Film Jaialdiaren aurkezpen ekitaldiak tristura kutsua izan du. Jakina, pandemiak eragindakoa; izan ere, covid-19 birusak sortutako egoera larria antolatzaileen ahotan egon da behin eta berriro. Alabaina, “Mendi”-koek lasaitu ederra hartu dute. Eta hori diogu, Torelloko Mendi Zinemaldia ez bezala, Euskal Herriko zigilua daramana egingo da. Kataluniakoa hilaren 13tik 22ra egin behar zen, baina herrialde horretako agintariek, Generalitateak, ezarritako neurriek 38. edizio bertan behera uztea eraman dute.

Mendi Film Jaialdiaren 13. ekitaldiak, aldiz, ez du hutsik egingo. Protokolo guztiak beteta abenduaren 4tik 13ra aukera ederra izango da Sail Ofizialean lehiatuko diren pelikula guztiak zein beste ekimen batzuk ikusteko. Aurreratu dugun bezala, edizio berezia izango da, eta hori guztia azpimarratu nahi izan du Jabi Baraiazarra zuzendariak: «Horri erantzuteko eta indarrean dauden arau eta gomendio guztiak betez, bitarako zinemaldia izango da aurtengoa: Bilbon bertan, aurrez aurreko emanaldiekin, eta Bilbora etorri ezin dutenentzat, onilne eskaintzarekin. Aurkezpen ekitaldi honekin batera, aurreratu behar dut dagoeneko sarrerak salgai daudela  Euskalduna, BBK Aretoa eta Golem zinemetako pelikulak ikusteko eta online ikusi ahal izateko alokairuzko salmenta; banaka zein multzoka. Denera, 41 saio programatu dira, iaz baino bat gehiago. Eta aforo murrizketak aintzat hartu dira aldaketa guztiok egiterakoan».

Berrikuntza nagusia, beraz, onlineko eskaintza izango da. Alokairuarekin batera, filmei buruzko eduki gehigarriak eskainiko dira: sinopsi eta trailerrak, kartelak, zuzendarien aurkezpenak… Horrez gain, jaialdiko beste hainbat eduki ere online emango dira zinemaldiaren sare sozialetan eta MendiTV kanalaren bidez. Hala nola: hitzaldiak, mahai inguruak, liburu aurkezpenak, sari banaketa…

Egitarau zabala

Nahiz eta ekitaldi berezi baten aurrean gauden, Mendi Film Jaialdiak lan eskerga egin du hamar egun horiek eduki erakargarriez betetzeko. Lehenik eta behin, zinemaldiaren izarra aipatu behar dugu: Sail Ofiziala. 54 lan lehiatuko dira, eta horietako batzuk-batzuk estreinaldiak izango dira. Horrez gain, beste hiru pelikula pantailaratuko dira, baina hauek lehiaz kanpo atalean. Hots, Zabalandin.

Aurten ere, mendi zinemagintzako zuzendari entzutetsuak ageri dira ekoizpenen egiletzan, Mendi Film-en maiz aurkeztu direnak: Pavol Barabas, Paul Diffley, Ignasi Lopez, Mikel Sarasola… Baina, zoritxarrez, pandemia garaiotan, nazioarteko gonbidaturik ez da izango aurtengo ekitaldian.

Bederen, gaitegietan inoiz baino anitzagoa aurkezten zaigu. Ekintza asko: alpinismoa, eskalada, BASE jauziak, espeleologia… Eta, jakina, naturaren zaintza aldarria nonahi: basa bizitza, artea, ingurumen inpaktuen salaketak…

Gogoratu behar dugu Sail Ofizialeko pelikulak epaitzeko ardura kultura munduko giza-talde honek duela: Asier Altuna, Paula Olaz, Itziar Garcia, Iwona Zielinska-Sasieda eta Jon San Sebastianek. Guztira, 24.000 euro banatuko dira diru-saritan.

Nahiz eta pelikulek, batez ere Sail Ofizialean lehiatuko direnek, protagonismo handia izango duten, Mendi Film Jaialdiak ekitaldi ugari eskainiko ditu. Horien artean daude: CVCEPHOTO 2020 argazki erakusketa, “Zine industria pandemia garaian” solasaldia eta Mendi Film Bizkaia-Ternua Bekaren aurkezpena. Mendi Talk eta Panel Talk atalek ere protagonistak eta eduki ezberdinak mahai-gaineratuko dituzte. Besteak beste, bi liburu aurkeztuko dira: “Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak” eta “Cuanto es mucho tiempo. Retazos de camino”. “Mendiko filmen geosentzia”, “Shaukar 1976-Everest 1980. Euskal eta poloniar himalaismoa senidetuta”… hitzaldiek ere berezko tokia izango dute.