Dabid Lazkanoiturburu

Poliziari astindua iragarri du Peruko presidente berriak

Peruko presidente berriak, Francisco Sagastik, Poliziaren burua aldatu du eta beste 15 general erretirora bidali ditu, polizia-erreforma baten barruan. Bere aurrekoak protesten aurka erabili zuen errepresio bortitzak jaso duen kritikei erantzun nahi die.

Sagasti Peruko presidente berria. (AFP)
Sagasti Peruko presidente berria. (AFP)

Peruko presidenteak, Francisco Sagastik, Poliziaren komandante nagusi berria izendatu du, beste 15 general erretirora bidali ditu eta instituzioa eguneratzeko batzorde bat iragarri du polizia-erreforma «sakon» baten barruan.

Cesar Augusto Cervantes generalak Orlando Velasco ordezkatuko du Poliziaren kargu gorenean. Sagastik hala iragarri du telebistako agerraldian presidente izendatua izan eta sei egunetara.

Polizia-erreforma herrialde hegoamerikarrak bizi duen krisialdi politiko sakonari aurre egiteko helburuan kokatzen da, beti ere 2021eko apirilean hauteskunde orokorrak ospatzeko asmoz.

Azaroaren 9an, diputatuek kargutik bota zuten Martin Vizcarra (zentro-eskuina) presidentea, 2014an gobernadorea zenean ustelkeria egotzita.

Parlamentuko presidenteak, Manuel Merinok (eskuina) kargua hartu zuen baina milaka manifestari kalera atera ziren «Estatu-kolpe parlamentarioa» salatzeko.

Errepresioa bortitza izan zen eta bi gazte hildako eta ehun bat zauritu -bederatzi larri– eragin zituen perdigoia eta beirazko bolak jaurtitzen dituzten eskopetak erabiliz.

Poliziak atxilotutako emakume batzuk sexu erasoak salatu zituzten.

«Merino el Breve»

Merinok kargua utzi behar izan zuen («Merino el Breve» deitzen diote, bost egunez baino ez delako izan Peruko presidente).

Sagasti bere ondorengoak Poliziaren aurkako salaketak aztertzeko agindu du. Dagoeneko Liman da NBEaren Giza Eskubideen aldeko Goi-Komisaritzaren talde bat errepresio kasuak ikertzen.

Bitartean, eta Orlando Velasco kargutik botatzeaz gain, beste 15 general erretirora bidali dituztela iragarri du Peruko Barne ministroak, Ruben Vargasek. «Demokrazia eta giza eskubideak defendatzen jarraituko duen Polizia nahi dugu, segurtasuna bermatuko digun Polizia», gaineratu du.

Vargas ministro berak gidatuko du Polizia eguneratzeko Sagasti presidenteak iragarri duen batzordea, gizarte zibilaren parte hartzea ziurtatuko duena.

Errepresio bortitza deitoratzeaz gain, Sagasti presidente berriak Polizia eta hiritarrak berradiskidetzeko helburua agertu du.

Fiskaltzak Merino presidente ohia eta Antero Flores-Araoz bere lehen ministroa ikertzeari ekin dio, homizidio eta lesio larriak egotziz.

Baina auzia ez da soilik manifestazioen aurkako errepresiora mugatzen. Aipatu batzordeak koronabirusak jota lanean lehen lerroan hil diren hainbat polizien kasuak aztertuko ditu eta, bide batez, segurtasun arloan, narkoaren eta maren aurkako operazioak areagotzeko asmoa iragarri du Sagastik.