Anton Abbadiaren larruan azken aldiz sartuko da Txomin Hegi Donostiako Antzoki Zaharrean

Fecha

22.01.21 - 23.01.21

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

Txomin Hegi, Anton Abbadiaren larruan. (NAIZ)

Urtarrilaren 23an Txomin Hegik Anton Abbadia azken aldiz antzeztuko du Donostian eta Loraldia Kultur Elkarteak omenaldia egin nahi dio. «Omenaldia egin nahi diogu gizon eta profesional handi honi. Eta bihotz-bihotzez eskertu egin duen lana Anton Abbadia ezagutzera emanez», adierazi dute antolatzaileek.

Loraldia Kultur Elkarteak Anton Abbadia esploratzaile, geografo, astronomo eta kultur gizona izan zuen inspirazio iturri, baita hark sortutako Lore Jokoak ere, Loraldia Festibalaren proiektua sortzeko, 2014an.

Lehen edizio hartan Aitor Mazo sartu zen Anton Abbadiaren larruan. Patxo Telleriak idatzitako gidoian oinarrituta, zientzia eta kulturako gizon bihurtu zen. Mazoren heriotzaren ondotik, 2018tik, Hegi izan da Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara antzezlanean pertsonaia polifazetikoan bihurtu dena.

Loraldia Kultur Elkarteak ‘Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara’ ikuskizuna aurkeztuko du datorren urtarrilaren 22an eta 23an Donostiako Antzoki Zaharrean. Loraldiaren produkzioa da eta Chimères eta Metrokoadroka Sormen Lantegiarekin elkarlanean egindako lana da.

Antzerkia eta musika uztartzen dituen formatu txikiko ikuskizuna da. Txomin Hegi aktoreak hiru musikari ditu alboan: Xabi Zeberio (nyckelharpa, biolina eta kalimba); Mixel Ducau (gitarra eta klarinetea); eta Alaia Phillips Ducau, ahotsa.



Loraldiaren ekoizpen propioa da, Chimères antzerki taldearen eta Metrokoadroka Sormen Laborategiaren laguntzarekin sortua, Oier Guillanen zuzendaritzapean.

Musika antzezpenaren soinu-banda bihurtzen da, eta historian gogoratuko diren lekuetako batzuk ekartzen ditu gogora, hala nola Irlanda, Brasil, Etiopia, Paris eta Zuberoa. 



Txomin Hegi (Hazparne, 1956) ibilbide luzeko kultur sortzaile, abeslari, aktore eta idazlea da. 1977an hasi zen amateur gisa, Hazparneko Bordaxuri antzerki taldean. 1997tik antzerkigile eta abeslaria da Biarritzeko Chimères antzerki konpainian. 



Antzerki irakaslea, antzerki proiektuen kudeatzailea eta antzerki lanen zuzendaria ere izan da. 1981etik 1982ra Kemen taldeko abeslari izan zen (Peio Serbielle, Xan Othabure, Marie-Jeanne Davant, Beñat Davant); eta geroago Balerdin, 2000 eta 2004 artean, Frantxua Cousteau, Marie Hélène Estecahandy eta Karlos Gimenezekin batera.



Kulturaren sustapenari dagokionez, proiektu askotan parte hartu du. Hala, 1883 eta 1988 artean Eihartzea Kultur Etxearen sortzaile eta lehendakari izan zen Hazparnen.

1982tik 1985era Zurkaitza elkartearen sortzailea izan zen, Ipar Euskal Herrian euskal musika jaialdiak antolatuz. 

1990 eta 1997 artean Euskal Kultur Erakundeko lehen zuzendaria izan zen. 
Idazle eta itzultzailea izan da bi hamarkada baino gehiagoz, eta hainbat antzezlan itzuli eta egokitu ditu.

Ubicación

Donostiako Antzoki Zaharra
Kale nagusia, 3
Donostia. Gipuzkoa