Juan Gorritiren ‘Araitz bailaratik Iruñeko Ziudadelara’
24/02/2020 - 29/03/2020
Iruñea
Nafarroa
Gorriti1
RESEÑA

Juan Gorritiren erakusketa Ziudadelako Labean hasi da eta lorategira zabaltzen da. Barruan 6 metroko diametroko cromlech–a. Berdegunean ehun bat piezaz osatutako beste cromlech bat, tamaina handiko totem pare bat, sorgin eta pertsonaien taldea osatzen duten zortzi eskultura eta haren behi urdina aurki daitezke, bost metro eta 2.000 kilo dituena.

Gorritik berak esan duenez, obren sorkuntzan lurrak, euriak, suak eta denborak ere esku hartu dute, berak ‘Art-Denbora’ deitzen duenaren bidez. Labean jarri du ondoko lorategiraino hedatzen den bere cromlech berezi horietako bat. Erakusketa Ziudadelan izango da ikusgai datorren martxoaren 29ra arte.

Erakusketa honek Juan Gorritik 2019ko ekainean Azkuen, Mallopen, ‘Gaztarri’ izenez aurkeztu zuen erakusketan du jatorria. Horregatik, hemen aurkeztuko diren piezak «aireak, haizeak, zirimiriak, eguzkiak eta Araizko euriaren ondorengo lurrinak laztandu dituzte». Bigarren aldiz izango dugu Gorriti Ziudadelan; izan ere 2007an bere eskulturen bakarkako erakusketa bat egin zuen Ziudadelako Mistoen eraikinean. 


Labearen barruan 6 metroko diametroko cromlech bat paratu du, 50 eta 180 zentimetrora bitarte dituzten piezek osatua. Gunea zaindua, lasaia, bildua eta isila denez, obra ikustera bertaratzen direnei haien pentsamendurik barnekoenetara eramateko aukera eskainiko diela pentsatu du, eta horrek hartaratuta erabaki du obra hor kokatzea.

Bigarren cromlecha kanpoaldean instalatu da. Barrukoa baino handiagoa da, 10 metroko diametroa eta egur paregabe eta ezberdinetako ia ehun pieza ditu eta osotasunaren oreka ematen du aditzera. Bestea bezala «gure arbasoek duela milaka urte hasitako lanaren jarraipena da, guztiok elkartzen gaituen zirkulu bat».

Lorategitik atera gabe, cromlecharen inguruan aurkituko ditugu sorginak eta pertsonaiak, duela milaka urteko gizakien itxurarekiko jakin-mina piztu zitzaionetik Gorritik sorkuntza prozesuan sortutakoak. 2 metrotik gorako altuera duten 8 irudi dira, teknika mistoa erabiliz landutakoak.

Behi urdina guztiaren lekuko ageri da, bi enbor handiren gainean atseden hartzen. Artistak infinituaren kolorez margotu du behia, «haren haurtzaroko oroitzapenak jasotzen dituen urdinez, denboraren atzaparrei ihes eginez, maite duen askatasunarekin bat egiteko».

Berdeguneko erakusketan aurrekoez gain 2 totem handi daude; izan ere, batek 4 metroko altuera hartzen du eta besteak hirukoa. Behi urdinean bezala, piezak koloretsuak dira, Gorritik zuraren gainean pintura akrilikoa erabiltzeko hautua egin baitu. Aurreko material berberekin (pintura akrilikoz margotutako zuraz) osatu du azken obra, Malatxa, erakusketa osatzen duen konposizio urdina.

UBICACIÓN
Av. del Ejército, 1
Ziudadela
Iruñea
Nafarroa