Bertso Eguna
18/01/2020
Aramaio
Araba
Bertsoeguna
RESEÑA

Aramaion ospatuko da 2020ko Bertso Eguna, urtarrilaren 18an, eta bertso bazkaria izango da egitarauko «plater nagusia». Lau otordu izango ditu aukeran zaleak: Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga Ehiztari txokoan, Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe Izarra elkartean, Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso Uribarriko elkartean, eta Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre Zabolako elkartean. Txartelak eskuragai daude urtarrilaren 10era arte www.bertsosarrerak.eus atarian, 20 euroren truke.

Uribarriko eta Zabolako elkarteetara joateko autobusa egokituko du elkarteak herrigunetik, goizeko saioa amaitzen den lekutik –lehenerako 14:30ean eta bigarrenerako 14:45ean–. Izan ere, bertso bazkarien aurretik, 12:30ean, bertso ibilbide gidatua egingo da Aramaioko kaleetan zehar. Gidari lanetan ariko dira Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa.

Bazkariaren ondotik, arratsaldean festa luzatu nahi duenak izango du aukera, Urola erdiko trikitilariak batuko baitira 19:00etan. Gainera, lo egiten geratu nahi duenari tokia ere eskainiko zaio, eskaera egonez gero. Horretarako izena eman behar da, urtarrilaren 10a baino lehen, Bertsozale elkarteko webgunean.

Bertsozale Elkarteak Aramaioko Udalarekin eta Aramaioko Bertso Eskolarekin elkarlanean antolatu du 2020ko Bertso Eguna, eta beste zenbait elkarteren laguntza ere izan du, Amillena Aramaioko turismo elkartearena eta Iparra-Hegoa elkartearena kasu, bazkariak hartuko dituzten elkarteez gain.

Azkenik, hitzordua baliatuko da Arabako Bertsozale Elkartearen batzarra egiteko: 10:00etan izango da, Aramaioko udaletxean. Gainera, lehenago, Arabako Kuadrilla Artekoa ere aurkeztuko dugu, 09:00etan, toki berean.

UBICACIÓN
Aramaio
Araba
ENLACES