Donostiako jaietako kartel lehiaketa
10/02/2020 - 03/04/2020
Donostia
Gipuzkoa
Kartel_lehiaketa
RESEÑA

Donostiako Aste Nagusirako, Euskal Jaietarako eta Estropadetarako kartelak aukeratzeko lehiaketa ireki dute, eta edozein pertsonak edo enpresak izango du lanak aurkezteko aukera apirilaren 3ra bitarte.

Maiatz-abuztu artean jakinaraziko da irabazleak zein izan diren, eta modalitate bakoitzeko irabazleak 1.000 euro izango ditu, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

Nahi adina zirriborro aurkez daitezke, inon argitaratu gabeak eta originalak izanez gero. Zirriborroak A3 formatuko euskarri zurrun bertikalean nahiz horizontalean aurkeztu ahal izango dira, edo euskarri informatikoan ere (JPG formatuan, 72 pixel/hazbeteko bereizmenean eta 62 x 88 zentimetroko neurrian).

Epaimahai batek aukeratuko ditu kartel irabazleak. Irabazle ateratzen diren kartelek Donostiako Udalaren, Donostia Festak erakundearen eta Donostia Kulturaren logoak ere sartu behar dituzte. Logo horiek Prentsa Kabineteko Albisteak ataletik hartu daitezke.

Gainera, jaiaren arabera, kartelek inskripzio hauek ere izan behar dituzte: ‘Aste Nagusia 2020 Semana Grande, Abuztua 8-15 Agosto, Donostia / San Sebastián’; ‘Euskal Jaiak 2020, Iraila 3 Septiembre - Iraila 13 Septiembre, Donostia / San Sebastián’; ‘Donostiako Estropadak 2020 Regatas de San Sebastián, Iraila 3, 6 eta 13 Septiembre’.

Era berean, Donostiako Udalean eta haren mendeko erakundeetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko zeharkako ekintzak ezartzen dituzten jarraibideek 1.2 atalean diotenarekin bat, erabilitako irudiek ere oreka bilatuko dute generoen arteko ordezkaritzan, rol eta estereotipo tradizionalak saihestuko dituzte eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu aukerengatiko desberdintasunen aurrean tratamendu gutxiesgarriak saihestuko dituzte.

Bestalde, kartelaren diseinuan lehentasuna eman behar zaio euskarari, eta hala irudia nola mezua euskaraz eta gaztelaniaz erabiltzeko modukoak izan behar dira.   

UBICACIÓN
Donostia
Gipuzkoa