Euskadiko Orkestrak eta Robert Treviñok berriz ekingo diote denboraldiari Mozart eta Sibeliusekin

Fecha

15.01.21 - 22.01.21

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

Euskadiko Orkestra. (NAIZ)

Euskadiko Orkestrak hitzorduak ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Ostiral honetatik (urtarrilak 15) hurrengo asteko ostiralera arte (urtarrilak 22) Euskadiko Orkestrak kontzertu programa berria eskainiko du. Berritasuna dakar, Iruñeko Baluarte Auditoriumek jarduera berreskuratuko baitu. Urriaren 1ean bertan denboraldia inauguratu zuenetik ezin du orkestrak bertaratu, covid-19arekin lotutako murrizketen ondorioz.

«Guztira hamabi saio eskainiko ditugu, beharrezkoak izango direnak abonatu guztiei sarbidea emateko egungo murrizketak direla-eta», adierazi dute Orkestraren arduradunek. Sei emanaldi iragarri dira Donostiako Kursaal Auditoriumean, urtarrilaren 15, 18 eta 21ean; bi Bilboko Euskalduna Jauregian, hilaren 16an; bi Iruñeko Baluarte Auditoriumean, hilaren 19an; eta beste bi Gasteizko Principal Antzokian, 22an.

Bi programa

Kontzertu programa honetako bakarlari gonbidatu Behzod Abduraimov pianistak bere parte hartzea bertan behera utzi du eta, ondorioz, Euskadiko Orkestrak saio bakoitzeko programen lehen zatia aldatu egin behar izan du. Programa bakoitza Mozarten eta Sibeliusen sinfonia banaz osatuko da. «Kontraste ariketa bat izango da, biek tradizio sinfoniko baten hasiera eta amaiera irudikatzen baitute, Mozartek XVIII. mendearen bigarren erdialdean eta Sibeliusek XX. mendearen lehen hamarkadetan», azaldu dute.

Programa bakoitzaren lehen zatian Wolfgang Amadeus Mozarten heldutasuneko sinfonia bana interpretatuko da: 36. eta 41. sinfoniak. Batetik, 36. Sinfonia ‘Linz’ ezizenez ezagutzen da Mozartek bost egunetan idatzi zuelako Austriako hiri horretan. Bestetik, Mozarten sinfonia ezagunenetako bat eskainiko da, 41. Sinfonia, ‘Jupiter’ deitua, bere 40 sinfonietako gailurtzat jotzen dena.

Kontzertuen bigarren zatian, Jean Sibeliusen bi sinfonia entzun ahal izango dira, Robert Treviñok aukeratu dituenak Denboraldiaren gai nagusiarekin jarraitzeko asmoz, Erromantizismoarekin, alegia. Sibelius sinfonia sortzaile handietan azkenetakoa da, eta gutxi interpretatzen diren bi sinfonia joko ditu orkestrak: 3. Sinfonia, argi sinfonia bezala hartua, eta 4. Sinfonia, iluntasun sinfonia bezala. «Doinu ahaztezinez eta indar handiko erritmoz betetako bi lan dira, Sibeliusen musika osoan ohikoa den bezala», esan dute.
 
Lehenengo programan egun bakoitzeko lehen saioa:
 W.A. Mozart: 41. Sinfonia, ‘Jupiter‘. Sibelius: 3. Sinfonia. Bigarren programan egun bakoitzeko bigarren saioa:
W.A. Mozart: 36. Sinfonia, ‘Linz’. Sibelius: 4. Sinfonia.
 
Egutegia hiriz hiri, honakoa da: urtarrilaren 15ean Donostian 17.30ean 1. programa eta 19.30ean 2. programa; urtarrilaren 16an Bilbon 17.30ean 1. programa eta 19.30ean 2. programa; urtarrilaren 18an Donostian 17.30ean 1. programa eta 19.30ean 2. programa; urtarrilaren 19an Iruñean 18.00etan 1. programa eta 20.15ean 2. programa; urtarrilaren 21ean Donostian 17.30ean 1. programa eta 19.30ean 2. programa; eta urtarrilaren 22an Gasteizen 17.30ean 1. programa eta 19.30ean 2. programa.

Kontzertu programa honetarako sarrerak saioen aurreko egunetan joango dira eskuragai jartzen.
 

 

Ubicación

Kursaal
Zurriola Hiribidea, 1
Donostia. Gipuzkoa