Gazteluak 1522an egindako erresistentziaren 500. urteurrena gogoratuko dute amaiurtarrek

Fecha

16.07.22

Lugar

Nafarroa - Amaiur

Jon Maia, Ixabel Aleman eta Joseba Otondo, ostiral honetan egindako aurkezpenean.
Jon Maia, Ixabel Aleman eta Joseba Otondo, ostiral honetan egindako aurkezpenean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Baztango Amaiur herriak bere historiako urtemuga garrantzitsua ospatuko du aurten, bere gazteluak Nafarroako erresumaren konkistaren eta ondorengo gazteluaren suntsipenaren aurrean egindako erresistentziaren 500. urteurrena.

«Amaiur izan zen egungo foru erkidegoko lurraldean konkistari aurre egin zion eta Nafarroako errege legitimoei leial izan zitzaien azken gaztelua. Amaiurko gazteluko harresien atzean iraun zuten dozenaka nafarren errendizioa 1522ko uztailaren 19an gertatu zen, baina ekitaldi horren bostehungarren urteurrenaren oroitzapena uztailaren 16rako, larunbata, antolatu da, Baztandarren Biltzarraren bezperarako», gogoratu dute ostiral honetan egindako agerraldian. Bertan izan dira Ixabel Aleman, Amaiurko alkatea; Joseba Otondo, Baztango alkatea eta Jon Maia, musika ikuskizunaren zuzendaria.

Amaiurko bataila gogoan, bi ekitaldi nagusi prestatu dituzte. Batetik, uztailaren 16an erakundeetako ordezkarien presentziarekin, inoiz egin den ezpata-dantzari konpainien kontzentrazio handiena bilduko  da. Uztailaren 16an 11.00etatik aurrera Baztango Baztandarrak, Iruñeko Duguna eta Amaiur, Iurrietako ezpata-dantzariak, Beasaingo Aurtzaka, Tolosako Udaberri, Gasteizko Jare, Donibane Lohizuneko Begiraleak, Baigorriko Arrola eta Zuberoako Dantzariak taldeek desfilatu eta joko dute herriko parrokiatik gaztelura doan bidean. Hori guztia kanpai hotsekin eta txistulari eta gaitari taldeekin batera.

400. urteurrena zela-eta 1922an egungo monolitoa eraiki zen Nafarroako erresuma defendatu eta konkistari aurre egin zioten nafar haien omenez. 500. urteurrenerako antolatutako ekitaldiak duela ehun urte egindakoa gogoratuko du, eta lore-skaintza egingo da monolitoan. Eta Alemanek manifestu bat irakurriko du.

Jarraian, segizioak bere dantza tradizionalak egingo ditu herriko kale nagusian zehar, bere plaza nagusian amaituz. Bertan larrain-dantza eta mutil-dantzak dantzatuko dira. Ondoren, herri bazkaria izango da musikaz lagunduta. Txartelak webgunean eskura daitezke.

‘Aurkituko gaituzuenoi’ ikuskizuna

Horrez gain, gazteluaren suntsipenaren bosgarren mendeurrenaren harira, abuztuaren 6an 21.30ean mendeurreneko ikuskizun nagusia ospatuko da. Herriko belazeetan, gaztelua zegoen muinoaren magalak ‘Aurkituko gaituzuenoi’ ikuskizuna hartuko du Jon Maiaren zuzendaritzapean.

Ikuskizunaren izenak «etorkizuneko biztanleei egiten die aipamena eta ikuspegi horrekin atzoko, gaurko eta biharko Euskal Herria barne hartzen dituen kontakizun artistikoa eskainiko du kultur eremu desberdinetako hainbat artistaren parte hartzearekin», iragarri dute.

Emanaldi bakarra izango da eta sarrerak aldez aurretik erosi ahal izateko webgunean egongo dira salgai ostiral honetatik aurrera.

Urtean zehar

Bi ekitaldi nagusi horiez gain, Amaiurko herria, Baztango Udalarekin eta Nafarroako Gobernuko Kultura sailarekin elkarlanean, hainbat kultur jarduera antolatzen ari da urtean zehar, hala nola liburuak eta komikiak argitaratzea eta erakusketa artistiko bat, uztailaren 8an Elizondoko Arizkunenea jauregian inauguratuko dena eta urriaren 12ra arte egongo dena.

Era berean, Amaiurko arkeologia museoa, gazteluan aurkitutako altxor historikoak erakusten dituena, udako egun guztietan egongo da zabalik.

Ubicación

Gaztelua
Gaztelua
Amaiur. Nafarroa