Getxoko XII. Komiki Azoka

Fecha

22.11.13 - 24.11.13

Lugar

Bizkaia - Getxo

getxo_komiki.jpg

Getxoko Komiki Azokaren hamabigarren edizioa ospatuko da azaroaren 22tik 24ra. Aurten, 60 salmenta gune inguru aurkitu ahal izango dituzte bisitariek, eta horietan izango dira, besteak beste, komiki eta liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren artearekin lotutako sektore guztiak. Salmenta gunearekin batera, azokan jarduera ugari izango dira.

Ohikoa denez, artista ospetsuak bilduko dira Getxon, eta hitzaldi eta aurkezpenetan ez ezik, sinatze txandetan ere parte hartuko dute, zaleek beren autore gustukoenak zuzenean ezagutu ahal izateko. Aurten, besteak beste, honako egile hauek egongo dira: Guy Delisle kanadarra (bere umore lan autobiografikoei nazioartean ospe handia lortu duena), Eisner sari ospetsuaren irabazle den Bryan Talbot britaniarra, Alfonso Zapico, David Rubín, Raquel Córcoles eta Juan Luis Landa.

Horiekin guztiekin batera, komikizale belaunaldi anitz liluratu duen Jan 'Superlópez' pertsonaia famatuaren sortzailea eta Luis Gasca dibulgatzaile donostiarra eta komikiaren inguruko ikerketa eta entseguen idazlea ere egongo dira Getxon.

Halaber, Getxotik igaroko dira, besteak beste, Mary M. Talbot, Cels Piñol, Manel Fontdevila, Ablbert Monteys, David Daza, Sergio Abad, Iban Coello, Raquel Alzate, Jordi Bayarri eta Rafa Sandoval.

Komiki erakusketak ere ez dira faltako azokan. Karparen barruan Alemaniako komikigile belaunaldi berriei dedikatutako ‘Comics, Manga & Co.’ erakusketa izango da ikusgai, eta horrekin batera, David Rubin ilustratzailearen ‘Beowulf’ azken lana ardatz nagusitzat hartzen duena ere. Karparen barruan Raquel Corcolesen ‘Modernadepueblo’ izen bereko umorezko pertsonaia ardatz nagusi duen erakusketa egongo da ikusgai, eta azkenik, Ultrarradio taldeak argitaratu dituen lanen erakusketa.

Azokako esparrutik kanpo ere beste erakusketa batzuk egongo dira. Horrela, Bizkaia Zubian Jose Luis Landaren ‘1512: In Memoriam’ egongo da ikusgai; bertan, bisitariek Nafarroako konkistaren inguruko ilustrazioak ikusi ahal izango dituzte. Torrene Aretoan Injuve 2012ko Komiki eta Ilustrazio lehiaketan saritutako lanen erakusketa egongo da eta, amaitzeko, ‘Glass’ eta ‘Jai-Alai’ kafetegietan Patxi Pelaez eta Sarima egileen erakusketak bisitatu ahal izango dira.

Horri guztiari argitaletxeek eta egileek berrikuntzen inguruan egingo dituzten aurkezpenak gehitu behar zaizkio, azokan horiek ere garrantzitsuak baitira. Halaber, ezin ahaztu areto nagusian egunero izango diren hitzaldiak eta mahai inguruak eta zine proiekzioak.

Edizio honetan, Jan bezala ezaguna den Juan López Fernández komikigilea, ‘Superlópez’ pertsonaia famatuaren sortzailea, eta Luis Gasca dibulgatzailea omenduko dira. Omenaldiak azokaren lehenengo egunean izango dira, azaroaren 22an, 19:00etan.

Gasca (Donostia, 1933) Zuzenbidean doktorea eta komikian eta zinean aditua da, eta Donostia Zinemaldia zuzendu zuen. Bere ibilbidean hainbat sari ospetsu jaso ditu, hala nola atzerriko argitaratzaile onenari emandako Yellow Kid saria eta ‘Diario de Avisos’ egunkariaren saria, komikiaren aldeko eginiko lanagatik.

Jan-ek, berriz, 1973. urtean bere pertsonaia ospetsuena sortu zuen: Superlópez, Supermanen parodia. Handik bi urtera pertsonaiaren istorio laburrak egiten hasi zen Bruguera argitaletxean Contiren eta Francisco Pérez Navarroren gidoiekin. Azken egile horrekin pertsonaiaren etapa berri bati ekin zion. 

Aurten, gainera, azokaren aurreko asteburuan, azaroaren 16an eta 17an, Manga Azoka izango da, genero hori ardatza duen azoka, hain zuzen ere. Manga Azokak Komiki Azokaren ordutegi berbera izango du.

 

 

Ubicación

Areetako Geltokia plazako karpan
Plaza de la Estación
Getxo. Bizkaia

Enlaces