Hendaia eta Irun arteko muga blokeatzeko deialdia
22/02/2020
Irun
Gipuzkoa
Irun-harrera-sarea
RESEÑA

Paris, Madrid eta Europako «migrazio politika hiltzaileak» salatzeko, Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago zubia blokeatuko dute otsailaren 22an, 14:00etatik aurrera.

Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteek oharra kaleratu dute horren harira. «Lehenik, muga hau Europa barnean dela gogoratu behar dugu. Hortaz, Schengen espazioaren barruan poliziak ezin du jendea identifikatu eta gelditu. Ezin du kontrol arrazistarik egin, jendea ilegalki kanporatu, ezin die adin txikikoei babesa ukatu», salatu dute. Aldiz, paperak ez izateagatik deliturik egin gabe ere 90 egunez migratzaileak giltzaperatu egiten dituztela ekarri dute gogora.

Bertan migratzaileen eskubideak «egunero» urratzen direla salatu dute. «Ez dugu ahaztu nahi Europako Giza Eskubideen Epaitegiak espainiar Estatuak eginiko kanporaketa ilegalei emaniko oniritzia. Hauek ere, Giza eskubideak zapaltzeko lotsarik ez dutela erakutsi dute argiki».

Bai Madrilek zein Parisek duten jarrera ere arbuiatu dute. «Teknologia militarrean eta mugen kontrolean dirua jarri, hor baitago negozioa. Xenofobiaren negozioa».

Erakundeek jakinarazi zuten Irun eta Hendaia arteko mugara iritsi den migratzaile kopuruak behera egin duela. «Ez diote ordea, Mediterraneoan hildakoen kopuruak gora egin duela. Hona iritsi ez direnak bidean gelditu dira», nabarmendu dute. Agintariei «migrazio politika hiltzaileak» bultzatzea leporatu diete.

Horrela, migratzaileei babesa, eskubideak eta harrera emateko indarrak berretsi dituzte eta agintariei «politika arrazistak bertan behera utzi ditzatela» exijitu.

UBICACIÓN
Santiago zubia
Irun
Gipuzkoa