Jaso Ikastolako ikasleen ‘Sutan’ musikala, genero berdintasunaz

Fecha

06.05.22

Lugar

Nafarroa - Barañain

Jaso Ikastolako ikasleak, entsegu batean.
Jaso Ikastolako ikasleak, entsegu batean. (JASO IKASTOLA)

Jaso Ikastolako ikasleek ‘Sutan’ musikala eramango dute agertoki gainera ostiral honetan, maiatzak 6, Barañaingo Auditorioan. «Lantzen dugun hezkuntza ereduan du iturria ikuskizun honek. Hain zuzen ere, sormena, ekintzailetza, lan kooperatiboa eta autogestioa ardatz dituen hezkuntza-programa baten emaitza da», adierazi dute Jaso Ikastolako arduradunek.

‘Sutan’ musikalaren estreinaldia 19.00etan da. Ekitaldia publikoari irekia da eta sarrerak 15 eurotan jarri dira salgai webgunean. Aurretik, goizean bertan, Jaso Ikastolako eta Barañaingo Alaitz eskolako ikasleentzat musikalak aurre-estreinaldia egingo da.

Ikasleek ikasturte osoan zehar prestatu duten lanaren ondorioa da. Hamar urte dira Jaso Ikastola musikala sortzen hasi zela. DBHko berrogeita hamar ikasle inguruk (12 eta 16 urte bitartekoak) parte hartzen dute berezko sormen proiektu honetan. «Ikastola honen irakasle eta gurasoen borondatezko-lanaren laguntzarekin eta Imanol Janicesek (Gorputz Heziketako irakaslea) eta Irantzu Zabaltzak (Lehen Hezkuntzako tutorea) zuzenduta, gaitasun hezkuntza, sormena, garapen emozionala, bizikidetza eta euskararen erabilera bezalako balore helburuak lortu nahi ditugu, arte eszenikoekin berariaz lotutako gaitasunez gain», azaldu dute.

Feminismoa

Jaso Ikastolako musikalaren edizio bakoitzak gai sozial zehatz bat lantzen du, ikasleek beraiek aldez aurretik eztabaidatu eta aukeratutakoa. Oraingo honetan, ‘Sutan’ ikuskizunak feminismoaren eta genero berdintasuna lan-eremuak ditu ardatz. «Istorioa ‘atorgileen greba’n oinarritzen da, XX. mendearen hasieran su hartu zuen New Yorkeko lantegi batean bultzatu zena. Hain zuzen ere, martxoaren 8an ospatzen den Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunak gertaera honetan du jatorria», diote.

«Aurreko edizioetako formatu arrakastatsua errepikatuz, antzezpen, kantu, dantza, akrobaziak edo efektu berezietako ikuskizuna dugu Jaso musikala, prozesu artistiko osoan parte hartzen duten ikasleek beren kabuz diseinatu, sortu eta kudeatzen dutena. Besteak beste, gidoia, abestien egokitzapena, koreografiak, eszenografia, jantziak, atrezzoa, argia eta soinua, postprodukzioko, marketineko, babesletzako, sustapeneko edo sare sozialen kudeaketa lanak euren gain hartzen dituzte.

Era berean, oraingo honetan, Jaso Ikastolaren musikalaren emanaldiak Iruñeko Gazte Orkestraren kolaborazio berezia izango du lehen aldiz, eta haren emanaldiarekin batera, ikasleek interpretatzen dituzten zenbait musika-alorretan arituko da.

Jaso musikalaren asmo nagusietako bat da, halaber, euskarazko hezkuntza-proposamen berritzaile bihurtzea, ikastolako jarduera akademikotik kanpo euskararen erabilera gizartean sustatzeko eta adierazpen artistiko baten bidez kultura egiteko beste modu bat aldarrikatzeko. «Zentzu horretan, Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuak Jaso Fundazioarekin duen hitzarmena berritu du aurten, musikaren bidez, eta bizitzaren arlo guztietan, euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko, kultur eskaintza eta jarduera sustatuz eta programatuz. Euskarabidearekin sinatutako hitzarmenak, ‘Sutan’ musikalaren proiektua, uztailean Islandiako Reykjavik hiriburuan egingo den hezkuntza eta antzerkiari buruzko bederatzigarren kongresuan aurkeztea ere jasotzen du», esan dute.

Barañaingo Auditorioan estreinatu ondoren, Islandiako kongresu horretan egoteaz gain, Jaso Ikastolak ‘Sutan’ musikalaren ondorengo bira bat egiteko asmoa du. Bira horretan adineko pertsoneei bideratuta dagoen emanaldi berezi bat, Misericordia Etxean ekainaren 14an, eta Iruñeko Baluarte jauregian antzeztuko den eszenifikazio nagusia aurkeztuko dira. Gainera, Ikastolen Elkartearekin.

Ubicación

Auditorioa
Nafarroako Komunitatea, 2
Barañain. Nafarroa