Jone Laspiur, Ane Azkona, Larraitz Torres eta Sandra Cuestaren artelanak Andoainen

Fecha

01.10.21 - 30.10.21

Lugar

Gipuzkoa - Andoain

Eraskusketako obra bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jone Laspiur, Ane Azkona, Larraitz Torres eta Sandra Cuestaren artelanez osatutako erakusketa zabalik da Andoaingo Bastero Kultur Etxean. ‘Formal formal’ izenburupean Eremuak egitasmoaren barruan –Lakuak arte garaikidea sustatzeko abian jarritakoa– ‘Harriak’ programan landu den proiektua da. Iñigo Gomez, Itziar Gutierrez eta Ane Lekuonak testu kritikoa prestatu dute erakusketarako, hauek ere Alonsoren gonbidapena jasota.

Komisario berriei eskaintzen zaie erakusketaren ardura eta Maite Alonso kultur bitartekariak hartu du bere gain. Lengoaia eta soinua ditu ardatz erakusketak. «Interesa nuen gaiaren inguruan baina ez nuen aurretik landua, berria da niretzat, eta beste artistekin horretan sakontzea izan da nire helburua», esan du.

Esaldiak, kanta bat abestu dezakezun karaokea, bideoklipa eta objektuak aurkituko ditu bisitariak. «Entzuten ari zaren kanta bat bezala da guretzat», argitu du Alonsok. Laspiurrek egindako ‘Disfruten las molestias’ bideoklipa ere badago ikusgai.

«Eremuak programaren helburua ez da pieza artistiko berriak sortzea, artistei euren lana erakusteko espazioak eskaintzea baizik. Baina kasu honetan bai, artelan batzuk erakusketarako propio sortu dituzte», kontatu du.

«Artelanek elkarrekin elkarrizketa bat izan dezaten saiatu gara», Alonsoren esanetan. «Elkarri galderak zuzentzen dizkiote», dio. 

«Hitzak, esaldiak, kantak eta, gero, objektuak. Baina, erakusketa hau abian den kanta bat al da? Zein inplikazio ditu mezuak zuzenean interpelatzen dituenean? Zerbaiti izena jartzen diogunean, existitzen hasten al da? Hizkuntzaren berezko ezintasunaz jabeturik, artistak lurraldeekin jolasten dira eta manipulatu eta galbideratu egiten dituzte ezarritako logiken bidez. Hizkuntza forma da. Hasieran bazen Hitza. Hitza Jainkoarekin zegoen eta Hitza Jainko zen». Horra hor lau artistek eta komisarioak erakusketaren bidez luzatutako galderak.

Las Colombina's musika proiektua dute abian Torresek eta Cuestak. Biei elkarrekin luzatu zien gonbita Alonsok. Andoainen eskulturak jarri ditu ikusgai Torresek, margoak eta marrazkia Cuestak. Ondoren artelanei ‘soinu banda’ sortu diete. Urriaren 15ean izango da entzungai erakusketan.

Mezuak edonon. Hizkuntzak ezarrita dituen logikak apurtzen ditu erakusketak beraiekin jolastuz, kasu batzuetan, edo perbertituz besteetan.

Andoaingo Soinu eta Bideo Eskolarekin elkarlanean aritu dira proiektu honetan. «Ikasleekin bideoklipak sortzea da asmoa», azaldu du Alonsok. Horrez gain, Leizaran Institutuarekin lantegi bat egingo dute. «Hizkuntzan formak nola baldintzatzen gaituen ikusiko dugu», gaineratu du.

Aretoaren ordutegia astelehenetik ostiralera (asteartetan itxita) 18.30etik 20.00etara
eta larunbatetan 10.30etik 13.30era eta 18.00etatik 20.00etara da. Sarrera doan da.

Ubicación

Bastero Kulturgunea
Ondarreta 1B
Andoain. Gipuzkoa