‘Kanpora sartzen’, Xabin Fernandezen GIBaren inguruko testigantza eszenara eramana

Fecha

11.03.23 - 16.07.23

Lugar

Gipuzkoa - Legorreta

Xabin Fernandez eta Intza Alkain igoko dira agertokira.
Xabin Fernandez eta Intza Alkain igoko dira agertokira. (Jon URBE | FOKU)

Kaiola gorri bat. Haren barruan, kulunka. Baita beti ordu bera markatzen duen ordularia ere. Eta hara-hona gizaki gorri bat. GIBa da, giza inmunoeskaziaren birusa. Intza Alkainek gorpuzten du birusa eta mikrofonoa eskuan, Xabin Fernandezek bere ezaugarriak azaltzen dizkio publikoari.

Planteamendua bitxia da, aurrez aurre begiratuko diogu birusari. «Gauzei izena eta aurpegia jartzen diegunean beldurra galtzen diegu. Errespetua bai, baina beldurrik ez diogu, elkarrizketa izateko prest gaude aurpegi horrekin. Eta horrek denok lasaitzen gaitu».

Duela hamar urte, ezustean, jakin zuen Fernandezek seropositiboa zela. Bere bizipenak testu batean jasotzea erabaki zuen, orain antzezlan bihurtu dena. Izen eta abizenez, bere burua antzeztuko du oholtzan. Lehen aldia du aktore bezala eta baita autore gisa ere. «Ausardia handia eskatzen du horrek. Beste baten izen baten azpian babesa edo maskara ematen dizu eta bera hori gabe aterako da», azpimarratu du Garmendiak. 

Kaiola kasik beste pertsonaia bat da hasieratik. «Xabinek hala dio, kaiola izan dela bere azken hamar urteotako bizilekua». Irten eta sartu, bi ekintzei egiten die erreferentzia izenburuak. «Gauza asko ezkutatu ditu, homosexualtasuna hasieran, seropositiboa zela gero. Etxean zegoenean, intimitatea ondo babestuta sentitzen zuenean, orduantxe sentitzen zen aske. Aldiz, kanpoan zegoenean nor zen gorde beharra sentitzen zuen eta horrek eragiten zion itxita egotearen sentipena. Kontatzen du ze labainkorra den kanpoan ala barruan egotearen errealitatea, ez baitugu berdin bizitzen», azaldu du Garmendiak.

2013ko martxoaren 11n jaso zuen diagnostikoa Fernandezek. Hamar urteren bueltan zirkulua itxiko du herritarren aurrean, Legorretan, ikusiko baitu argia lanak. Larunbatean 20.00etan eta igandean 18.00etan eta 20.00etan dira emanaldiak. Sarrerak aurrez saldu dira udaletxean eta kultur etxean.

Lehen aldi asko batzen dira proiektuan. Izan ere, Aitziber Garmendia zuzendari lanetan estreinatuko da. «Aktore bezala dudan intuizioaz baliatu naiz, dena zen berria. Nire intuizioari ahotsa eman diot, eta errespetua, era berean. Iruzurtiaren sindromepean gaude, beti esaten diogu gure buruari ‘nik nola egingo dut ba, ez dut merezi hori egiterik’. Nolabaiteko lotsa hori galdu egin dut. Ikusi dut gustura egin dudala eta benetan merezi duen antzezlana dela eta sinesten dut lan borobila egin dugula. Ikasketa prozesua izan da», aitortu du. 

Gozatu ere bai. «Jolasa izan da».

Enkarguzko lana da. «Xabier Agirrek bidali zidan Txalo konpainiatik komediara eraman nahi zutela eta nigan pentsatu zutela esanez. Asko gustatu zitzaidan». Sara Cozar izan du laguntzaile.

Testua errelatu moduan zegoen idatzia eta horri teatralitatea eta dinamismoa ematea izan da Garmendiaren zeregina. «Bazuen hasieratik komediatik eta are gehiago atera diogu», kontatu du.

«Bere lehenengo aldia izateko ikaragarri ondo idatzia dago. Asko harritu ninduen, sorpresa ona izan zen», nabarmendu du Garmendiak.

Egia

Une dramatikoak eta komikoak eskua emanda etorriko dira antzezlanean. Era honetako gaia umoretik lantzea bera erronka da. Beti ere, egiari lotua. «Aktore bezala eta fikzioaren kontsumitzaile bezala komediatik eta umoretik lan egitea gustatzen zait baina egia eta sentimendua behar du, benetakotasunetik aritu nahi dut. Ez grazia egitea grazia egiteagatik, zerbait kontatzen dugulako baizik», azaldu du.

«Bere dramaz eta beldurrez barre egiteko» erakutsi duen eskuzabaltasuna eskertu nahi dio Fernandezi. «Hori da komediara eramateko bide nagusia eta errazena niretzat, norberak barre egiteko askatasuna duenean besteoi ere horretarako gonbidapena luzatzen digu. Benetan pentsatzen dut gai guztiekin egin daitekeela komedia eta hala demostratutako dugu, posible da», adierazi du Garmendiak.

Pozik dago bi aktoreekin batera egindako lanarekin. Erakutsi duten ausardia txalotu du. «Intzak pertsonaia ugari interpretatzen ditu, erizaina, medikua edo sikiatra. Pertsonaia oso desberdinak dira eta lanketa sakona egon da. Nire irudimenean neukan emaitza lortu dut eta oso pozik nago zentzu horretan».

Hilaren 17an Zaldibian, maiatzaren 6an Lasarte-Orian, maiatzaren 12an Beasainen eta  dira hurrengo hitzorduak. Uztailaren 13tik 16ra Donostian izango dira.

 

Ubicación

Herri Antzokia
Korta Eta Zapas Enparantza Plaza, 3
Legorreta. Gipuzkoa