Juan Muguerza Krosa
13/01/2019

10:00-13:15.

Elgoibar
Gipuzkoa
Muguerza
RESEÑA

Elgoibarko Juan Muguerza Krosak 76. urteurrena beteko du urtarrilaren 13an. Mintxeta atletismo taldeak ia 1.000 korrikalari lotu ditu aurtengorako kategoria guztiak aintzat hartuta, baina ezerk dirdira berezirik egin behar badu, emakumeen proba izanen da, nahiz eta iazko gizonezko garailea, Etiopiako Selemon Barega, aurten ere Mintxetako zirkuituan ariko den.

12.30ean hasiko da senior emakumeen lasterketa, teorian lehiatuena. Kenyako Hellen Obiri, 5.000 metrokoan 2017 eta 2018. urteetan Diamond League deritzonaren irabazlea eta Rioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina; Beatrice Chepkoech herrikidea, 3.000 metroko hesidunean munduko errekorraren jabe eta iaz distantzia horretako Diamond Leagueko irabazlea; Yasemin Can turkiarra, hiru bider Europako kros txapelduna eta 5.000 eta 10.000 metrokoetan Europako txapelduna 2016an; Ugandako Stella Chesang, 2018an Commonwealtheko txapelduna 10.000 metrokoan; horra hor emakumeen lasterketako izarrik dirdiratsuenen entresaka, egundoko ikuskizuna bermatzen duena ia.

«2018a ‘emakumeen urtea’ definitu bazuten, zergatik ez 2019a ere?», galdetzen du berekiko Mintxeta atletismo taldeko Zigor Diezek ere. «Kirol arlotik, emakume izarrak ekartzea gizonak ekartzea baino ia errazagoa da. Izen asko izan ditugu mahai gainean, baina ezezko asko ere bai, izar askok krosa beren prestaketatik at dutelako».

Alde horretatik, Trihas Gebre gonbidatu ez izanaren polemika oro uxatu du. «Iazko urtarrilaren 15etik aurrera garbi genuen ez zela gure planetan sartzen, beste apustu batzuk egin nahi genituelako. Horrek ez du esan gura hurrengo urteetan gonbidatuko ez dugunik».

Gizonezkoetan, 13.10ean hasita, Selemon Barega berriz izango da faborito Mintxetan. Munduko txapelketa prestatu guran dator, eta ez du besterik korrituko Muguerza krosaz gain. Jakob Kiplimo ugandarrarekin iazko lasterketaren errebantxarik egongo ez den arren, ez zaio lehiakiderik faltako etiopiarrari. Rhonex Kipruto eta Stanley Waithaka kenyarra izan behar lirateke iazko garailearen aurkari nagusiak, denak ere 21 urtetik beherako atletak.

FECHA Y HORA

10:00-13:15.

UBICACIÓN
Calle Valle Azkue, 915
Circuito de Mintxeta
Elgoibar
Gipuzkoa