Maialen Diaz Urrizaren ‘Herri hura’ antzezlana, liburutik agertokira Kutxa Kultur Plazan

Fecha

24.10.21

Lugar

Gipuzkoa - Donostia

Antzezlanaren kartela. (NAIZ)

Maialen Diaz Urrizaren ‘Herri hura’ antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo du Lore More antzerki taldeak igande honetan. Lanak Kutxa Donostia Hiria Sarien 2020ko Euskarazko Antzerki Saria jaso zuen. Lehenengo aldiz, bost aktoreren ahotsean entzungo da.

Ramon Agirre, Maialen Diaz, Ione Irazabal, Mikele Urroz eta Oier Zuñigaren ahotsek gorpuztuko dituzte antzezlaneko pertsonaiak. Maialen Diaz eta Mikele Urrozen zuzendaritzapean egingo da antzezpena Jorge Gilek sortutako bideoez lagunduta.

«Deserria egon daiteke jaiotetxetik itsasoaz bestalde, edota sorterriko belardiak atzean utzi eta ehun kilmetrora, paisaia idor baten zabaleran. Sustraiak galdu dituenarentzat, etxerako bidea beti suertatzen da luze. Erbesteratua berdin bizi da herri minez, arroztasun berak jazartzen du», dio antzezlanaren sinopsiak.

Bernardok eta Abeliñek, istorio honetako protagonistek, irudimenean baino gertatzen ez den elkartze bat antzeztuko dute. Bernardok azento amerikanoz hitz egoingo dio euskaraz Abeliñeri; Abeliñeren euskarari gaztelaniaren doinua dario tarteaka; hizkuntza arrotzetan bizi izan dira luzaroan. Maitasun ezinezko baten istorioaz haratago, gizarte arauek maitasun batzuk ezinezko bihurtzen dituztela kontatzen zaigu bertan.

Hizkuntzari dagokionez, euskalkiak eta erdera ere entzun daitezke lanean. Apaindurarik gabe, justuko hitzak erabiliz idatzi nahi izan du egileak, «bihotzean zuzen-zuen joz».

Diaz Urriza antzerkigile eta antzezleak, obra honetaz gain, ‘Etxerik txikiena’ eta ‘Ilargiaren atzean’ antzezlanen egilea da. Baita Lore More antzerki taldearen sortzailea Mikele Urrozekin batera.

Lore More antzerki taldearen esanetan «antzerki testuaren ezaugarrietako bat interpretagarritasuna da: irakurketa posible ezberdinak eskaintzen ditu, antzezle taldeak edota irakurleak bere subjetibitateaz esanahia osatu dezan. Irakurketa dramatizatua erdibideko puntua da testua eta antzezpenaren artean. Zentzu horretan, testuari hurbilketa arin eta neurtua egingo diogu, pertsonaien barne munduetan murgiltzeko aukera eskainiz. Aktoreen sentsibilitate eta teknikan oinarrituko da emanaldi hau, ahotsen eta begiraden esanguraz jantziz hitzen itzalpean dagoena. talde artistiko paregabea elkartu gara proiektu honen inguruan: Ramon Agirre, Maialen Diaz, Ione Irazabal, Mikele Urroz eta Oier Zuñiga. Mugimendu minimoa duten irudiek jantziko dute taularatzea, giro ezberdinetan murgilduz eta pertsonaien bidaia lagunduz. Emanaldi berezia izatea espero dugu».

Aforo mugatua da eta sarrerak agortuta daude.

Ubicación

Kutxa Kultur Plaza
Andre Zigarrogileen Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa