‘Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura’, Errigoraren kanpaina
27/02/2020 - 12/03/2020
Nafarroa
Errigorara
RESEÑA

Otsailaren 27tik martxoaren 12ra eskatu ahal izango dira Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta arroz, pasta eta kontserba sortak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan, Errigoraren ‘Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura’ kanpainiaren baitan.

‘Eskutik eskura’ Errigoraren bi kanpaina nagusietako bat da, «Nafarroa hegoaldeko baratzeko produktuak Euskal Herriko sukaldeetara ekarri nahi dituena», azaldu dute ekintzaileek. «Arduraz ekoizten dena arduraz elkartrukatu eta arduraz kontsumitzeko saiakera bat da», gaineratu dute.

Oliba-olio birjina estra eta arroz, pasta eta kontserba sortak eskaintzen dira, urte guztirako bestelako eskaera egiteko gonbidapena luzatuz, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. 100 bat herritan urtez urte lanean ari diren boluntarioen bitartez, auzolanean, egiten dituzte uztak.

Guztira 16 ekoizlek hartuko dute parte aurtengo kanpainan: Nafarroa hegoalde eta erdialde zabaleko 5 olio-errotak, 9 kontserba-etxek eta arroz-ekoizle eta pastagile banak. «Urtez urte, kontsumitzaile arduratsuen kopuruarekin batera, haziz doa eskutik eskura kanpainaren inguruan osatu den ekoizleen familia», nabarmendu dute.

‘Gure hautuez harro’ da aurtengo kanpainaren leloa. «Gure pentsamoldearen arabera jokatzen dugulako harro; egunero daukagu aukera pentsatzen dugun moduan jokatzeko, koherenteak izateko», azaldu dute Errigorakoek.

Osatzen duten komunitateaz ere «harro» daudela azpimarratu dute: «Gure hautuek eragina izan dezaten beharrezkoa baita askoren hautuak izatea».

Sortu zirenetik hazkunde kualitatibo zein kuantitatiboa eman dutelakoan dira antolatzaileak. 2014tik hona 1.500 familia izatetik 6.500era pasatu dira, 4 ekoizle izatetik 16 izatera eta 30 herritan kanpaina egitetik 100 herritan egitera igaro dira.

UBICACIÓN
Nafarroa
ENLACES