‘Zero grabitatea’, Eduardo Chillidaren sorkuntza markatu zuen obsesioaren lekuko

Fecha

24.11.22 - 01.05.23

Lugar

Gipuzkoa - Hernani

Datorren urteko maiatza bitartean egongo da ikusgai erakusketa.
Datorren urteko maiatza bitartean egongo da ikusgai erakusketa. (Jon URBE | FOKU)

Bizitza osoa eman zuen borrokan. Grabitateari aurre nola egin asmatu nahian. Bere artelanak arintasun sentsazioa eman zezaten. Bide zailena hartu zuen horretarako, material arinak aukeratu ordez hormigoia eta antzekoak erabili baitzituen grabitateari aurka egiteko unean.

Ostegun honetan irekiko ditu ateak Chillida Lekun ‘Zero grabitatea’ erakusketak. Gaia inoiz landu gabea zuen museoak. «Grabitatearen fenomenoa aztertzerakoan garbi ikusi dugu ia bere lan guztietan dagoela presente», kontatu du Estela Solano museoko bildumen arduradunak.

«Grabitatearen aurkako borroka 1950. hamarkadaren amaieran hasi zen sumatzen, eskulturak sabaitik zintzilikatzen hasi zenean, baita ‘Amets-ingudeak’ seriean eta 1960ko hamarkadaren bukaerako ‘Haizearen orrazia’ serieko eskulturetan ere. Azken honen goialdea haizeari adartutako egitura da», zehaztu du.

«Zientziarekiko eta filosofiarekiko interes bizia zuen eta hauen gaineko idatzi ugari irakurtzen zituen», gogoratu du Mireia Massagé museoko zuzendariak.

Newton

«Funtsean, ni Newtonen aurka nago. Ni eta nire eskulturak». Horrelaxe laburbildu zuen bere borroka artistak. Esaldiak ongietorria egiten dio bisitariari erakusketaren sarreran.

1972. urtea mugarria da grabitatearen –‘Newton’ deitzen zion eskulturgileak– kontrako borrokan, urte hartan jarri baitzuen ‘Topaketa-Lekua III’  lana Madrilgo La Castellanoko Aire Zabaleko Eskultura Museoan. Airean zintzilik dago 6.3 tonako pisua duen obratzarra.

«Ordura arte ikertzen ari zen eta saiakera ugari eginak zituen baina une hartan izan zuen gauzak nola egin behar zituenaren kontzientzia. Grabitatea bere sorkuntzaren abiapuntua bilakatu zen modu honetan», adierazi du Solanak. Artearen historian planteamendu berritzailea izan zen bere esanetan.

Eskultura publiko hau –eskala txikian egina– da Chillida Lekuko bosgarren aretoa hartzen duen erakusketari hasiera ematen diona. 30 lan dira guztira. Lehen obrarekin batera burdinezko ‘Calderren omenezko estudioa’ eta burdina eta altzairuz egindako ‘Uraren laudorioa estudioa II’ dira erakusketaren ardatzak. Tona ta erdi pisatzen ditu batak, 54 tona besteak. Eskala txikian egin zituen obra berberak eta hauek daude ikusgai.

‘Grabitazioak’

‘Grabitazioak’ serieko hainbat lan ere ikus daitezke. 1985etik aurrera egindakoak dira eta beste borroka baten adierazle. «Aitari ez zitzaion batere gustatzen kola erabiltzea eta ‘Pili, lortu dut kolarik gabeko collagea egitea!’ esanez iritsi zen bazkaltzera egun batean», kontatu dio irribarretsu Luis Chillida semeak NAIZi hedabideen aurreko aurkezpenaren osteko bisialdian.

Bizitza osoan marraztu zuen donostiar artistak. «Arkatzez eta tintaz egiten zituen, eta guraizeak ere marrazteko beste tresna bat ziren berarentzat», nabarmendu du. Geruza bat bestearen gainean ipiniz lortzen zuen paper gainean erliebea ematea.

«Borrokalari» bezala gogoratu du aita. «Proiektu bakoitzean materiala eta teknika aukeratzea ez zen erraza. Ezezagunak zitzaizkion materialekin lan egin nahi izaten zuen, horrek ikerketara bideratzen baitzuen. Publikoak bere lana ikustean zerbait gertatzen ari zenaren sentsazioa izan zezan bilatzen zuen», esan du.

«Zientziak dena behera datorrela dio eta berak sinesten zuen bazegoela beste zerbait –mistika– gorantz bultzatzen zuena», gaineratu du.

Lokarri batekin mutur batetik josten zituen eta espazioan grabitatzen bezala geratzen ziren.

«Grabitateak kezkatzen nau, eta hori dela eta kezkatzen naiz materiarekin. Ez naiz materiarekin kezkatzen burdina, hormigoia edo harria gustukoak ditudalako, ez. Kontua da obra guztiak zerbaitetan haragituta egon behar dutela, ez baitira ezer bestela, eta indar horren mende –alegia, grabitatearen mende– hein handiagoan edo txikiagoan egotea dakar horrek berarekin. Gero eta serioago hartzen dut alderdi hori», idatzi zuen Chillidak ‘Escritos’-en (La Fábrica, 2005).

Estela Solanok eta Luis Chillidak bete dituzte komisariotza lanak. «Museoan modu iraunkorrean ikusgai dauden beste lanak ulertzeko bide ematen du erakusketa honek», azpimarratu dute. 2023ko maiatzaren 1era arte egongo da irekita.

Erakusketaren harira, Chillidaren lana eta fisika lotzeko bilduma eman du argitara museoak. Ikusgai jarri diren obren zerrendaz gain Barry Barish Fisikako Nobel Sariaren testua ere irakur daiteke.

Museoak ohikoa duen gisan hainbat jarduera antolatu ditu erakusketaren inguruan. Bisita gidatuak, familientzako tailerrak... baita zientzia eta arteari buruzko mahaingurua Donostia Physics Centerrekin lankidetzan.

Gainera, neguko solstizioa ospatzeko kontzertua eskainiko du Rafa Ruedak bere azken lana –‘Rueda’– aurkeztuz.

Sarrera bertako leihatilan eta webgunean eskura daiteke. Astearte eta asteazkenetan itxita. Gainontzeko egunetan 10.00etatik 17.00etara. 

Ubicación

Chillida Leku
Jauregi Bailara, 66
Hernani. Gipuzkoa