Artzai Larzabal naiz+ bloga

Errepublika espainiarra

1931ko apirilaren 14an euskaldunak izan zinen lehenengoak errepublika aldarrikatzen. Eibarko Udalak, udal hauteskundeen ostean eta Madrilen zer gertatuko zen jakin gabe, monarkiarik ez zutela nahi eta errepublikano bandera zintzilikatu zuen. Hor hasi zen II. Errepublika eta ondoren etorri ziren gainontzeko herri eta hiriak. Baina ezin ahaztu dezakegu, aldarrikatu zen errepublika hura, Errepublika espainiarra izan zela, Estatu espainiarraren barnean eta altxatu zen bandera, bandera espainiarra izan zela; hiru koloretakoa, baina espainiarra.

bandera_republica

 

Ez diet eibartarrei meriturik kendu nahi, ezta gutxiagorik ere. Eibarrek aspalditik zuen errepublikarekiko joera. Eibartarrak errepublikanoak izan ziren 1868an Isabel II.ak Frantziara alde egin behar izan zuenetik eta besteak beste, Eibarren bertan ospatu zen hurrengo urtean Paktu Federala ere, non hego Euskal Herriko lau probintzietako ordezkariak bildu eta euskal estatu federal bat aldarrikatu zuten, espainiar Estatuaren barnean. Hori egitera bultzatu zituen arrazoi nagusia, foruak izan ziren. Eskubide historikoetan oinarrituz, euskal probintziek gainontzekoengandik “banatuta” bizi behar zutela erabaki zuten nahiz eta espainiartasuna zalantzan jarri ez.

Garai hartako errepublikanoak, euskal nazionalismoa orandik sortzeke zegoela, espainiarrak ziren. Espainiartasuna aldarrikatzen zuten baina euren ezaugarri propioekin. 1868tik aurrera, Eibarren errepublikanoak nagusi izan ziren 1923ko Estatu Kolpera arte, nahiz eta XIX.mendearen bukaeratik errepublikanismoak sozialismoaren mesedetan indar asko galdu zuen. Eibarrez gain, Donostian, Irunen eta Tolosan, Bilbon eta ezkerraldean, Gasteizen eta Iruñean eta Tuteran ere presentzia handia izan zuten errepublikanoek.

Iparraldekoa beste kontu bat da. Iparraldeko euskaldunek tradizio errepublikano handiagoa dute hegoaldekook baino, errepublika ehun urte lehenago aldarrikatu zutelako han, nahiz eta euskaldunentzat erabat mesedegarria ez zen izan aldarrikapen hura. Agian, zentzu honetan iparraldekoek USArekin harreman gehiago dutela esango nuke. Hemen presidente bat dute, kongresu bat eta senatu batekin. Ez diot inori hortaz ezer galdetu, baina hitzaldi bat eman behar izan nuenean, hain zuzen ere errepublikanismoaren ingurukoa, errepublikanismoa eta monarkiaren aldekotasuna zer ziren azaldu behar izan nien.

Errepublikaren aldarrikapena Eibarren

Hemen, ez dute monarkia bat imajinatzen, izan ere, ez dute sekula erregerik eduki, eta ziur asko, ezta edukiko ere. Hau, demokraziaren eta askatasunaren lurraldea da, eta demokraziaren eta askatasunaren lurraldean, monarkiak ez omen du lekurik.

Apirilean, Alfontso XIII.aren monarkiaren hondoratzearen ospakizunaren urteurrenean, beste urteurren bat ere ospatzen da (101 urte), Titanicek hondoratzearena...