Artzai Larzabal naiz+ bloga

Kizkitza

USAko gauak ezagutu behar nituela eta, hirira jaistea erabaki nuen. Bakarrik. Kasino batera sartu eta pare bat zerbeza edan, beste batetara joan eta beste pare bat irentsi eta etxerako bidean, taberna berezi batekin egin nuen topo: Davidsong’s. Pelikuletan agertzen diren horietakoa da: motozalez beteta, denak beltzez jantzita, eta zerbeza bat eskuan. Argazkia ateratzeko moduko taberna zinez. Motorzaleen artean beste zerbeza pare bat edatea erabaki nuen. Handik aurrerakoak ez ditut argi...

 

 

Azkenean, hiru edo lau zerbeza gehiago izan zirelakoan nago. Halako zerbeza bat eskuan nuela, kumunerako bidean, hankatrabatu egin nintzen eta zerbeza erori zitzaidan neska baten soinekora. Burua altxatu nuenean, tontotuta geratu nintzen. Han zegoen bera, irrifarrez, belauniko zuen mozoloari begira. Alegia, niri begira. “Kaixo(!)”, esan zidan.

Bai. USA puntan, goizeko ordu txikietan eta gure ama hizkuntza entzun nuen. Agerkundea izan zen hura niretzat. “Kaixo”, nik erantzun. Baina ordurako, manteminduta nengoen, zearo. “Mozkortuta zaude e?!”. “Ni? Bai zera!”. Bufanda txuri gorri bat zeraman agure batekin hitzegiten ari zen: “Pitxitxi da hau eta ni, Kizkitza”. Agurea ez zen Pitxitxi noski, baina Athleticeko jokalari famatuaren antza zuen; eta bufandak makillaje lana ederki betetzen zuen. Eta neskatila ez zen Kizkitza, baina nik, Kizkitza deitzea erabaki nuen.

Kizkitza Moskukoa da, baina gazteleraz eta euskaraz hitz egiten du. Gazteleraz, nik baino hobeto. Familia aberats baten jaio zen eta Sobietar Batasuna desegin zenean (pena!), gurasoek Estatu Batuetara bidali zuten ikasketekin jarraitzera. 20 urterekin Euskal Herrira etorri zen eta hemen, Athleticeko jokalari batekin izandako "affaire" baten ostean, jokalariaz ezin eta Bilboko taldeaz maitemindu zen. Psikologia ikasi zuen Oxforren eta orain, Athleticari buruzko ikerketa bat burutzen ari da, taldeak zaleengan sortzen duen sentimendua azaldu nahian edo.

Kontua da, Kizkitzaz maitemindu nintzela. Zearo! Baina ez dut gau hartakoaz gehiago ezer gogoratzen; gauza bat bakarrik, hurrengo egunean izugarrizko biharamunarekin esnatu nintzela eta orain lagun handiak garela. Dirudienez, Athleticeko zale amorratua nintzela esan nion, partida guztiak ikustera joaten naizela eta ezdakit beste zenbat istorio.

Telesforo doktoreak esan zizkidan hitz jakintsuak gogoan hartuta (“inglesez ikasteko erarik onena, neskalaguna aurkitzea da”), Athleticaren gezurrarekin aurrera jarraitzea erabaki dut, agian hola ligatuko dudalakoan. Suposatzen dut berak, Athleticeko forofo bat aldamenean izan nahiko duela, bere ikerketetan sakontzeko.

Badakit, Kizkitzak euskaraz daki eta beraz, inglesez ez dut askorik ikasiko, baina tira, lehentasunak lehentasunak dira, ala?

Hori bai, oraindik ez dut erabaki bizkarren dudan errealeko tatuaiarekin zer egingo dudan. Zerbait pentsatzen hasi beharko naiz...