Artzai Larzabal naiz+ bloga

Lacrosse

Estatubatuarrek badute eurena den kirol bat. Beno, eurena baino, bertakoa den kirol bat: Lacrosse-a. Kirol hau, gizon zuriak Amerika konkistatu aurretik natiboek jokatzen zutena da. Kirola baino, tribuen arteko arazoak konpontzeko erabiltzen zuten partida-guda izaten zen.

Kilometroko zelaiaren barruan, 100 pertsonako bi talde elkartzen ziren eta pelota beste taldearen “atera” eraman behar izaten zuten. Pelota makilen bidez garraitzen zen, baina makilek, pelotari baino gehiago erreparatzen zioten aurkariari. Egun osoan zehar luzatzen ziren partidak eta “jokalariak”, beste tribukoa zauritzen saiatzen ziren, ahalik eta aurkari gutxien izateko. Hemen kontatu didatenez, ohikoa izaten omen zen partidaren ostean zelaia gorpuz beteta geratzea.

Lacrosse

Gizon zuriak bere egin zuen erritua eta kirol bihurtu. Misiolari jesuita batek “deskubritu” omen zuen natiboen tradizio hura. Garaian esango luketen eran, zuriek natiboen tradizioa zibilizatu zuten. Egun, Amerika mendebaldean oso famatua da Lacrosse-a. 10 laguneko taldeak izaten dira, atezain batekin, eta aurkakoaren atean gomazko pelota bat sartzea da helburua.

Egia esatea nahi baduzue, hiru lau partida ikusi ditut baina ez dut jokoa ongi ulertu. Ez diot zentzu askorik hartu. Puntan sarea daraman makila batekin pelota aurkariaren atera garraitzea da kontua, aurkariak makilaz egurtzen zaituen bitartean. Nahi adina pauso eman ditzazkezu eta pelota nahi duzun aldiro bota eta hartu.

Baina ez-ulertu honetan, bada arreta piztu didan gauza bat. Gizonezkoek armadurekin jokatzen dute Lacrossean; kaskoa eta gorputz guztiko babesgarriak nabarmentzen zaizkie. Emakumezkoek ordea, minifaldaz eta babesgarririk gabe jokatzen dute. Eta ez dakit zergatik.

Wikipedian begiratu dut ea zalantza argitzen laguntzen zidan, baina honakoa dio (Gaztelerara itzulia): “Los hombres usan cascos ya que mantener la integridad corporal es parte fundamental del juego. Las mujeres usan antiparras, pero menos protectores que los hombres debido a que no están permitidos los encuentros físicos bruscos entre jugadoras”.

Ezin deus gehiago gehitu horri...