Artzai Larzabal naiz+ bloga

Spanish tortillo

Soccerrak eta ligatzeak huts eginda baina inglesez ikasteko ideia burutik ezin kenduta, ikurrina atera eta Spanish Club-era joan nintzen, gazteleraz ikasi nahi zuen norbait aurkitu eta berarekin praktikatuko nuelakoan. Ikurrinari muxu eman, tripas corazón egin eta han joan nintzen bada, goiz batean, aipatu Clubera.

Mexikar janaria nola egin ikasten ari ziren clubean. Espainolez ari ziren, baina inork ez zuen piperrik ulertzen. Ikastaroa amaitu zenean, taldean bildu ginen eta hizketan hasi ginen, eguneroko kontuez, garrantzizko ezertaz ez. Eta denak gazteleraz, inor ez inglesez. Halako batean, New Jersey-ko batek, zera bota zion irakasleari: “Xi kiuere, un dia da esstoss, jo ago un tortillo spañolo”. Et, et, et. Horrek mina eman zidan.

Orduan, amerikarrari aurrea hartu eta irakasleari azaldu nion, kondairak dioenez, patata tortila Euskal Herrian asmatu zela lehendabiziko aldiz. Kalimotxoa bezala. Dirudienez, I. Gerra Karlistan, Zumalakarregi Bilbon zauritu ostean, Bilbotik atera zuten eta gaua inguruko baserri batean pasa behar izan zuen, Zegaman hil aurretik. Etxekoandreak, momentuan besterik ez eskaintzeko eta kortan zituen arraultza eta patata batzuk nahastu eta tortila bat egin zion Zumalakarregiri. Hori izan omen zen historiako lehendabiziko patata tortila. Eta hura, Zumalakarregiren azkenengo jana.

Andereñoa harrituta utzi nuen eta hurrengo klase batean, New Yerseyko mozoloarekin, gainontzekoei patata tortila egiteko agindu zigun.