Naiz+ Naiz+

Boliviako Gobernuaren barrenak

Iritsi dira brigadistak La Pazera eta brigadaren azken txanpan sartu dira. Gobernuko instituzio eta Ministerio gehienak La Pazen daudenez, hauek barrutik ezagutzeko aukera izan dute. Eta, kronika honen bidez, gurekin partekatu dute ikasitakoa.

Ekonomia ministerioa

Maria Nela Prada ekonomia ministesterioko kabinete buruak egin zigun harrera aurrekoan. Berarekin bi ordu luzez aritu ginen solasean. Ekonomian gobernuak dauzkan erronkak azaldu zizkigun ikuspuntu zintzo batetik. Aldaketa nagusiak aipatze aldera, oraingo ekonomia ereduko subjektuak boliviarrak direla azpimarratu digu.

Eredu ekonomikoa hiru ardatzetan definitu dute; soziala, komunitarioa eta produktiboa. Soziala dela dio, Evo gobernura iritsi arte irabaziak eta baliabideak kanpora joaten zirelako eta orain Bolivian geratzen dira, bono sozialetan, pentsioetan… Onartu zuen ekonomia komunitario batera iristeko oraindik asko falta dela, baina azpimarratu zuen dagoeneko eredu horren balore batzuk bere egin dituztela, elkartasuna esaterako. Ekonomia produktiboari dagokionez, Bolibia betidanik lehengaien esportatzailea izan da, balio erantsirik gabe. Orain ordea, horrekin hautsi eta matrize produktiboa dibertsifikatu nahi dute.

Osasun ministerioa

Ariana Campero ministroa bera izan zen osasun arloan gobernu honek aurrera eramaten dituen politikak azaldu zizkiguna. Camperok aitortu zuen oraindik ere lan handia dagoela egiteko osasungintzan, baina orain arte martxan jarritako zenbait programa arrakastatsu kontatu zizkigun. “Mi salud” programa da horietariko bat. Herritar guztiek lehen mailako atentzioa izateko lanean ari dira, eta bereziki etxez etxeko atentzioa ematen da programa honen bidez.

Juana Azurduy bonoaz ere aritu ginen. Bono hau haurdun dauden emakumeek jasotzen dute haurdunaldian zehar egiten dituzten kontroletan, haurrak 2 urte betetzen dituen arte. 7 urte dira dagoeneko programa martxan jarri zela eta emaitza oso onak eman ditu. Besteak beste, jaioberrien heriotza tasa gutxitzea lortu dute.

Mediku kubatarren elkartasun zerbitzuak Bolivian duen garrantzia azpimarratu zuen Camperok. Zerbitzu honek hamar urte bete ditu aurten eta besteak beste, honi esker 172.000 boliviarrek ikusmena berreskuratu dute.

Herritarren ahalduntzea

Presidenteordetzaren barruan dagoen sekzio bat da herritarren ahalduntzearena eta bertako zuzendari Juan Carlos Pintorekin egoteko aukera izan genuen. Luze aritu ginen aldaketa prozesuaz, biltzar konstituziogileaz… baina zenbat elementu azpimarratzen saiatu zen. Batetik, lidergotza berriak sortzearen garrantzia aipatu zuen. Bide beretik, oinarri sozialean formakuntza politikoa bultzatzearen beharra nabarmendu zuen. Pintoren ustez, herritarrek kontzientzia politikoa izan behar dute, aldaketa prozesuaren oinarri baitira azken finean. Eta zentzu honetan, mugimendu sozialak onuradunak izatetik protagonista izatera pasa behar dira.

Autonomia ministerioa

Rafael Arancibia, Javier Rocha eta Yuri Horacio Pazek hartu gintuzten ministerio honetan. Lau autonomia mota daudela esan ziguten; udal autonomia, eskualdekoa, departamendukoa eta indigena. Indigenek betidanik aldarrikatu dute autonomia, baina azaldu ziguten gerora Bolibiako eskuinak eta oligarkiak aldarrikapena “lapurtu” eta bere egin zutela, Evo Morales gobernura iristean, hain justu.

Mugimendu sozialekin koordinazioa

Evo gobernura iritsi zenean sortu zen lehen ministeriordetza izan zen. Mugimendu sozialen artikulatzea eta gobernuarekin harreman zuzena izatea bilatzen du. Marcelo Oliva zuzendariarekin izan ginen eta horrelako ministeriordetza bat egotearen garrantzia azpimarratu zuen. Izan ere, Olivaren iritziz mugimendu sozialak dira benetan aldaketa prozesu honen protagonista. Hauek gobernuak aurrera eramaten dituen politiketan eragiteko tresnak behar dituzte eta ministeriordetza horietako bat da.