Naiz+ Naiz+

Donostia internazionalista, SAT eta La Jodederarekin

Aurten 25 urte betetzen dira Askapena jaio zenetik eta hori ospatzeko Donostialdeko Askapenak ‘Donostia Internazionalista Eguna’ antolatu du urriaren 26rako, ostirala. Besteak beste, Andaluziako SAT sindikatuko kideek hitzaldia eskainiko dute eta La Jodedera taldea ariko da Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean.

25 urte hauek ospakizuna merezi dutela uste dugu. Nazional mailako ospakizuna azaroaren 10ean burutuko da Altsasun, baina Donostia mailan ere gure hondar aletxoa jarri nahi dugu. Horregatik ostiral honetan, hilak 26, Gros-eko Kortxoenea gaztetxean honako programa antolatu dugu:

19:00. Askapenak 25 urte, internazionalismoa inoiz baina beharrezkoagoa.

19:30. Andaluziako Langileen Sindikatuko (SAT) kide den Néstor Salvadorrekin hitzaldia.

21:30 Afari-merienda.

22:00 Son kubatarra egiten duen “La Jodedera” taldearekin kontzertua.

1987ko urtean jaio zen erakunde internazionalista, harrezkero joan etorriko elkartasunak ez du etenik izan Euskal Herrian. Herri ezberdinen alde lan asko egin den neurri berean, gure herriaren borroka aldarrikatu dugu munduko txoko ezberdinetan

Herri honek emandako adibide internazionalistak ugariak dira. El Salvadorren FMLNko (Askapen Nazionalerako Farabundo Marti Frontea) kideekin borrokan aritu diren Alba, Marta eta Pakito bezala edota urtero Palestina, Venezuela, Bolivia eta beste herri askotatik pasatu diren ehundaka brigadistak horren lekuko dira. Modu berean, Euskal Herriak nazioartetik elkartasun handia jaso du.

Bizitako esperientzia internazionalista guztiak hitz gutxitan laburbiltzea ezinezkoa zaigu. Errazagoa da agian sentimenduen bidez laburtzea; elkartasuna, konpromisoa eta mundua norbere errealitatetik aldatzeko grina. Horrela ulertzen baitugu internazionalismoa, pentsamendu globalarekin eta ekintza lokalarekin.