0 comentarios

Gozatzeko oporrak

Irati Pagoaga / Guraso.com Uda sasoian sartzeaz bat agur esan diote eskolari hainbat neska mutikok irailera arte. Eskolarik ez. Gutxi gorabehera bi hilabete oso dauzkate eskolarik gabe. Eta euskarak ere oporrak hartzen ditu?

Batzuentzat euskara eskolako hizkuntza da, eskolan darabiltelako, eskolarekin lotzen dute. Egia da, ikasle batzuk eskolan baino ez direla euskaraz komunikatzen. Edozelan ere, eskolaz haratago badagon non hitz egin eta non zer entzun.

Uztailean sartu ahala, hamaika aukera aurkezten da teilatupe bakoitzean. Lehenengo helburua garbia izan ohi da, etxeko bizimodua aurrera ateratzea, etxea eta haurrak uztartzea. Nola demontre bete, osatu urtean zehar eskolak izan duen tokia? Haurren aisialdia edo denbora librea zelan lotu? Ez da erraza, baina hona hemen ideia batzuk:

Elkarrizketa, kalaka, solasa, hizkuntza jolasa

Eskolarik ez egoteak, ordutegiaren sama arindu egiten du, eta hortaz aukera paregabeak ditugu urtean zehar izan ez ditugun elkarrizketak egiteko. Esaterako, ume askok ikasturtean zehar jangelatan bazkaltzen dute, ondorioz, bazkari giroko elkarrizketak ez dira ohikoak izaten. Edozein gairen inguruan seme alabekin elkarrizketan aritzea izugarria da, eta gainera euskaraz egiten badugu, seme alabek euskara ez dute eskolarekin bakarrik lotuko. Hor garbi ikusiko dute eskolatik haratago ere euskaraz komunikatu daitezkeela.

Udalekuak

Eskaintza zabala bezain anitza da, baina gure esku dago izena ematerakoan lehentasuna zeri eman. Euskarazko udalekuetan izena emanez gero, horrek egun horietako hizkuntza bermea ematen du. Umeen hizkuntza esparrua zabaldu eta aberastu egiten da.

Jaiak, ekintzak, ikuskizunak etab.

Uda sasoian Euskal Herriko nonahi txokotan aurki daitezke jaiak eta bertan edozein ikuskizun, ekintza baliatu daiteke euskaraz gozatzeko edo euskaraz egiteko.

Garbi dago orain gurasoak zarete motorra. Zuen esku dago zuen seme alaben udako aisialdian edo udaldian euskarak izan dezakeen tokia. Edozein modutan ere, ez dago aitzakiarik. Nonahi eta dohain ekimen pila bat daude denon eskura eta denok ondo pasatzeko modukoak. Euskaraz bizitzeko ez dago eskolari lotu beharrik. Oporretan denok nahi dugu ondo pasatzea eta gozatzea. Beraz jolastu, ondo pasatu eta euskaraz maitatu!

/