Naiz+ Naiz+

Komite Arroxaren ekimenak Soraluzen ekainaren 28a dela eta

> Heteronormak irauliz, askatasunean hezi! [Ikoitzen Arkatza]

KomiteArroxa. Aurtengoan ere, ekainak 28 gerturatzen dela ikusita Komite Arroxak Soraluzen hainbat ekimen antolatzea pentsatu du. Noski, pasa den urteko egitarau zabala berdintzea oso zaila zen, eta hori bagenekien hasieratik. Kolektibo oro pertsonaz osatzen da, eta iragan urtean geneuzkan denbora eta aukerak ez dira aurtengoak. Hala ere, nahiz eta egitaraua askoz xumeagoa izan, ez dugu nahi izan aukera eskapatzen utzi, aurtengoan eta gurean ere sexu askatasuna aldarrikatu eta homofobia, lesbofobia, transfobia eta bestelako fobia guztiek eragiten dutena salatzeko. Aurtengoan azentua ikusgarritasunean, bisibilizazioan nahi genuen jarri.

‘Shorbus’ filma eskainiko dute gauean

Gurea bezalako herrietan maritxu, bollera eta trans pertsonok izan dugun mugetako bat erreferentzia falta edo eskasia izan dira. Askotan gure sexu aukeretaz edo genero identitateetaz hitz egiten entzun izan ditugu asko eta asko, “alde” batzuk, “kontra” beste batzuk...

Oro har, diskurtso ugari entzun izan ditugu. Batzuen partetik kondenazioarena, bekatuarena, gaixotasunarena edo zailtasunarena. Beste batzuen partetik tolerantziarena eta batzuetan, zorionez, errespetuarena ere. Baina askotan hitzak airean geratu zaizkigu, gure hitz propioak, gure esperientziak eta afektuak inon ez ditugulako islatuta ikusi.

Sexu eta genero identitatea eta gure aukerak errespetatuko dituen jendartea eraikitzeko beharrezkoa dugu aldez aurretik ikustaraztea, ikusgarri, ia-ia esan genezake ukigarri egitea. Erreferenteak biderkatu behar ditugu, eta gainera erreferente horiek halabeharrez anitzak eta dinamikoak beharko dute izan, gure esperientzia eta bizipenak ere halakoak direlako. Ez ditugu gure irudi lauak eta estereotipatuak jaso nahi, azken finean ez ditugulako gure sexu eta genero aukerak identitate hertsi bilakatu nahi. Hari horretatik tiraka milaka ekimen eta eguneroko jarrera proposatu daitezke.

Guk momentuz hurrengo urtean zehar garatuko dugun bat aurkeztuko dizuegu, iragan urteko egitarauan ere presentzia izan zuena. Irailetik hasita, eta hilean behin, Zinema Arroxa izeneko ekimena jarri nahi dugu martxan. Hilabetean behin, Gay, Lesbiana, Transexual edo Transgenero gaiekin zerikusia duten pelikulak eman nahi ditugu, eta haien aitzakia aprobetxatu eztabaidatu, solastu eta elkar topatzeko.

Azken urteotan gero eta gehiago dira gai hauen inguruan egiten ari diren filma eta dokumentalak. Gero eta gay, lesbiana eta trans gehiago animatzen dira zinemaren bitartez beraien errealitate, bizipen eta fikzio anitzak plazaratzen. Eta gero eta gehiago dira ere, gay edo lesbiana izan gabe haien istorioak kontatu nahi dituzten zuzendariak.

Askotan, pelikula hauek komunitate baten nahi eta desioak islatzen dituzte, bereziki pantailetan existitzeko beharra, ikusgai izateko beharra, erreferentziak izateko beharra. Era berean, topaleku txiki bat ere izan nahi du Zinema Arroxak, Soraluzen Gay, Lesbiana eta Trans-entzako erreferentzi lekurik ez izatean, zaila egiten da askotan gure artean topatzea. Gune txikiak lortu eta irabazi beharra dago oraindik ere, gune seguru eta irekiak. Horretarako da ere ekimen hau.

Zinema Arroxa ekainak 28an aurkeztuko dugu zineman. Baina hori baino lehenago, kontzentrazioa burutuko dugu plaza barrixan, 7:30ak aldian. Ondoren Gaztetxian pikoteo apur bat, tripak betetzeko. Zineman ekimenaren berri eman eta hasteko John Cameron Mitchell-ek zuzendu zuen “Shortbus” filma eskainiko dugu