Naiz+ Naiz+

Lekittoko gaztetxea zabalik!

Postontzian: GAUR GOIZEAN SARTU GARA HERRITAR GUZTIONA IZANGO DEN LEKITTOKO GAZTETXEAN Orain dela bi urte, Lekeitioko gazte batzuk batzen hasi ginen herriko gazteok ditugun arazoen inguruan hausnartu beharra zegoela ikusita. 150 gazte baino gehiagok eman genuen gure arazoen inguruko iritzia eta arazo hauei (zerbitzu publikoen prezio garestia, gazteon arteko komunikazio falta, etxe bat eskuratu ahal izateko zailtasunak, kultur eskaintza urria…) buelta eman behar zitzaiela argi ikusi genuen.

Denbora luzez arazo hauek lantzen ibili ostean, aurre egin ahal izateko behar genuena gune aske bat zela ondorioztatu genuen. Azken urte honetan herritik eta herriarentzat izango den proiektua garatzeko beharrezkoa dugun gune hori aldarrikatzen ibili eta gero azkenean lortu dugu. Lekeitiokoa eta Lekeitiarrena izango den Gaztetxea daukagu herrian.

Gaur goizeko hamarretan egin dugun kalejira jendetsuaren amaieran zabaldu dugu Gaztetxea. Urteetan hutsik egon den Fraileen eraikinean sartu gara. Hamar minutura ertzainak atean agertu badira ere barruan babestu gara. Gaztetxea ilegalki deslojatzeko asmotan ateko katea mozten saiatu badira ere, ezer lortu ez eta alde egin dutenean ateak zabaldu eta eraikinaren egoera txarra dela eta auzolanari ekin diogu. Herriko proiektua denez gaztetxea ezagutu eta bertan parte hartzeko deia egiten diegu herritar guztiei, eragile zein norbanakoei eta baita ingurukoei. Denon artean eraiki behar dugu denona izango den aterpea.

Datozen egunetan auzolanerako deia egiten dugu Gaztetxeari bizia eman eta eraikina erabilgarri jartzeko. Bestalde, asteazkenean, uztailak 3an arratsaldeko 19:00etan gaztetxeko lehenengo asanblada egingo dugu gaztetxearen norabidea zehazteko. Danona ez bada ez delako izango Lekittoko gaztetxia!