Naiz+ Naiz+

Liberatu guztiak feminismoan trebatzeko eskola martxan du LABek

LABeko kide guztiak feminismoan trebatzeko helburuz Eskola Feminista jarri du martxan sindikatuak. Ia bi urte iraungo du formakuntza prozesuak eta Emaginekin batera ibiliko dute bidea. Asteotan sinatu dute LABeko eta Emagineko ordezkariek Eskola Feministarako hitzarmena eta horrela, estrategia sindikalari genero ikuspegia gehitu nahi diote.

Sindikatu abertzaleak praktika feministetan sakontzeko baliabideak eskaini nahi dizkie bere kideei eta eguneroko jardunean ez ezik, sindikatuaren estrategian eta barne egituraketan ere genero ikuspegia txertatu nahi dute hala. Sindikatuko komunitate osoari zuzendutako prozesua izango da; izan ere, feminismoaren lanketa egun batetik bestera jaso eta barneratzen den elementua ez denez, 2019ko ekaina bitarte garatu beharreko prozesu gisa definitu dute.

Sindikatuko emakumeen ahalduntzea indartu nahi dute prozesuarekin eta noski, gizonak ere feminismoan trebatu. Sindikatuaren lan egiteko erak eta ohiturak ikuspuntu feministatik aztertu eta berreraiki nahi dituzte eta diskurtso zein praktika sozio-sindikalean feminismoa txertatu.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu pozarren dago Emaginekin erdietsitako akordioarekin eta praktika feminista lortzeko bidean mugarritzat jo du. Azken urteetan emakumeen presentzia handitzeari garrantzia eman dioten arren, argi du presentzia hutsak ez duela eredu feminista ekartzen eta sorreratik sindikatuak izan duen egitura andozentrikoa jo du arazoaren muin gisa.

GAUR8k gertutik ezagutu nahi izan du abian den Eskola Feminista eta haren berri emango du larunbateko alean.