Naiz+ Naiz+

Nafarroako euskarazko eredu publikoaren emari oparoa

Aurki iritsiko da 2017/2018 ikasturteko aurre-matrikulazio epea Nafarroara—otsailaren 13tik 17ra da–, eta Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak, NIZEk, D ereduaren alde apustu egitera deitu ditu etorkizuneko ikasleen gurasoak.

Euskarazko eredu publikoan eskolatzeak dakartzan onurak jendarteratzeko bideoa egin du eta bertan D ereduko aspaldiko ikasle eta egungo profesionalei eman die hitza. Bideoak mundua zeharkatzen du, Hollywoodetik hasi eta Brasileraino, Senegal, Buenos Aires, Londres, Bartzelona edota Holandatik igarota. Herrialde haietan guztietan lanean dira noizbait D ereduko ikasle nafarrak izandakoak. Tartean, Ion Beroiz zinemagilea, Miren Asiain ilustratzailea, Amaia Alonso boluntarioa edo Fisika espazialean adituan den eta Holandan bizi den Jaione Galdeano.

Elkartearen aburuz, profesional hauen testigantzak eskola publikoan euskaraz izandako formazioaren adierazgarririk hoberenak dira. Izan ere, lan munduan aritzeko tresna eta abileziak nola eskuratu zituzten eta gaitasun horiek guztiak modu integralean nola garatu dituzten azaltzen dute protagonistek.

Pilotuak, orkestra zuzendariak, eskubaloi jokalariak, dantzariak, fisikariak… agertzen dira bideoan, D ereduaren profesional emari zabalaren seinale.