Naiz+ Naiz+

Palestinaren izana eta ezina

Palest
paletsian

Badawitik Brigadistek bidalitako kronika.

Harrera lekua da Badawi. Libanoko iparraldean (Tripolitik 5 kilometrora) kokatzen da errefuxiatu gune hau eta 40.000 errefuxiatu inguru bizi dira bertakoen esanetan. Gehienak palestinarrak dira, asko eta asko Nabatie eta Tel al-Zaatarko guneak suntsitu ostean etorritako familiak. Kurduak, irakiarrak, libanotarrak eta, nola ez, siriarrak ere topatu daitezke eremuko kaleetan zehar. Komunitateak urteetan zehar geroz eta errefuxiatu gehiago hartu ditu, laguntza eskainiz, Badawin elkartasuna eta batasuna iparra baitute. Bereziki 2006an Israelen erasoaldiaren ondorioz hegoaldeko jende ugari Badawira heldu zen. 2007an, gainera, Nahr el-Bared errefuxiatu guneko milaka palestinar jaso zituen. Zailtasunei aurre eginez, Badawiko palestinarrek komunitate handia, sendoa eta trinkoa osatzen dute.

Badawiko Scout Talde Palestinarra Badawin antolakuntza, elkartasuna eta hezkuntza oinarri dituzte eta hauei esker lortu dute errefuxiatuen bizi-baldintzak hobetzea. Nabaria da beste errefuxiatu guneekiko antolakuntza maila. Beharrak eta zailtasunak oso larriak izan arren (gainpopulazioa, lan falta, zakar kudeaketa, ura, argindarra… dituzte arerio), Badawiko komunitateak hauek konpontzeko erabaki irmoa du, eta bide horretan dihardu; duintasuna eskuratzeko bidean, hain zuzen. Libanoko gobernuaren ahanzturaren eta GKEen interesen aurrean, palestinar komunitateak badaki soilik beraien boterea antolatuz lortu ditzaketela bere helburuak. Palestinar elkarteak dira komunitatearen bihotza. Bere ase beharrei irtenbidea bilatzeko komunitate hauen inguruan antolatzen baitira. Gehienetan boluntario gisa lan egiten dute. Elkarteen lan nagusia errefuxiatuen osasuna, laguntza psikologikoa, hezkuntza, kultura eta aisialdi guneak bermatzea da. Klinikak, zentro sozialak edota elkarte kulturalak sortu dituzte horretarako. Zerbitzu hauek azken urteetan gerratik ihes etorritako siriarrei zabaldu dizkiete. Palestinar nortasunak garrantzia handia du errefuxiatu guneetan, baita Badawin ere, batez ere haurrekin egindako lanean. Palestinako historia eta kultura igortzea dute helburu scout zein elkarte kulturalek.

Palestinaren izana eta ezina dute ikasgai: sionistek bere herrialdea okupatzen dute, haien lurra eta ondare kulturala ustiatuz. Hori dela eta, nazioa maite dutelako, borrokan jarraitzen dute. Komunikazioaren garrantziaz oharturik, Palestinian Arab Cultural Club proiektu komunikatiboa jarri dute martxan. Badawiko bizipenen berri ematen dute. Proiektu independientea da berea, alderdien kontrolpetik at; betiere ikuspegi ezkertiarra eta sekularra jorratuz. Sare-sozialetan aritzen dira nagusiki baina Camp Cast Youtube kanala ireki dute, Badawiko telebista gisa. Kanpalekuko bizitzaren berri emateaz gain, beste herrialdetan palestinarekiko elkartasun keinuak ere helarazten dituzte. Palestinatik urrun, bigarren mailako biztanle izanik eta errefuxiatu gune txiroetan bizi direlarik, Badawiko palestinarrek burujabe izatea erabaki dute. Hau da bere egoera benetan hobetzeko aukera bakarra. Komunitate sendoa, borrokalaria eta kohesionatua osatu dute zailtasunei elkarri aurre eginez.