Naiz+ Naiz+

«Sukalderaino sartuko gara»

Tolosan emakumeen sarrera oztopatu edo mugatzen duten elkarteen aurkako ekimena egin du Ernaik (bideoan ikusi daiteke). Hona euren mezua: 

Mantala aginte makila izango bailitzan, gerri bueltan ondo lotu, eta suaren bueltan aski ongi erretzen dituzue berdintasuna, eskubideak, feminismoa eta antzerakoak; erre, ke bihurtzeraino.

Labean erre, zartagian frijitu, eltzean irakin edo plantxan egin; txefak zuek -gizonak- izan behar, emakumeena giltzaturik dagoen etxeko sukaldea baita, ezkutukoa, familia elikatzen duena.

Sukaldari finak zarete matxismoa elikatzen. Afaltar ugariko mahai luzeetan falozentrismoa, matxismoa eta hetero-patriarkatua ematen dituzue jateko. Ipurdiak ondo estutuko dituzue zuen lagunari txoko egiteko, baina guretzat ez da aulkirik. Zintzo demonio betetzen dituzue elkartearen arau zaharkituak, emakumeei muturraren aurrean ixten diozuen ate hori pasa eta mendeetan atzera egiteraino. Ez gaudela erdi aroan, egutegiak dio. Bada garaia garai berrietara egiteko. Nahikoa da.

Nazkatuta gaude, eta horregatik apaindu ditugu zuen ateak pintura morez, badakigun arren praktika eta arau matxistak elkarte gehiagotan ere indarrean daudela. Horregatik gogoratu gara zuetaz, “independentzia marraztuz” kanpainan. Eraiki nahi dugun herrian, gure bizitzak oztopatzen dituen ideologiaren sukaldeek ezin baitute horren lasai eta harro ireki urteko 365 egunetan beraien atea, eta hortaz, guk gazteok enkargatu beharko dugu.

Bide horretan, gure eguneroko bizitza erabakitzen duten zapalkuntza guztien aurka antolatzeko deia egiten diegu gazte guztiei. Hurrengo parada: Independentzia eguna ekainak 11-n Billabonan! Elkar ezagutzeko eta indarrak batzeko parada ezin hobea!