Jone Etxeberria naizplus blogak

KRML Bizirik: espazioak berreskuratuz

Bilboko auzoa den Santutxuk 34.000 biztanle ditu, Hernani eta Tolosak baino 10.000 gehiago eta Durango edo Galdakaok baino 5.000 biztanle gehiago. Biztanle horiek guztiak, ordea, 8 km² exkaxetan biltzen dira, zerua urratzen duten dorre luzeetan. Auzoan bertan eskaintzen diren zerbitzu publikoek, noski, ez dute lehen aipatu ditugun herriekin inolako zerikusirik, eta beraz, langile-auzo honetan, aspaldidanik ezagutzen dituzte, alde batetik, horiek lortzeko borrokak, eta bestetik, euren beharrak asetzeko autoantolaketa.

Azken horren adibide dugu Karmelo Ikastola: 1978an, guraso talde batek ikastola eraiki zuen auzotarren laguntzarekin. 2014ean eraikina utzi behar izan zuten eta ordudanik, etengabeak izan dira santutxuarrek erakunde publikoei Karmelo ikastola auzotarrei irekitzeko eskaerak.

Erantzunik jaso ez, eta 2015eko azaroaren 14an, KRML taupadaka hasi zen berriz. Ekimenak KRML Bizirik du izena eta horretarakoxe jaio zen Karmelo Ikastolari bizitza itzultzeko. Ekainaren 18an ospatu zuten ikasturte amaierako festa.