Pello Reparaz Reparaz

«...herri bat zapaltzeak eta egoerarik ankerrenera eramateak beronen batasuna dakar»

Amalek txoratuta gaitu. Goizetan lo egiten uzten ez gaituen sei urteko haur saharauia da. Eta aldi berean aberri honetako haur, gazte eta heldu ororen irribarrearen isla. Gezurra badirudi ere, hemen bizi duten egoerak ez du inolaz ere apaltzen euren bizitzeko gogoa. Bai hemen, bai han, norbanakoaren zoriontasuna kontrasteen esku baitago. Esan diezaiotela Amal-i, Gates-en irribarrea berea baino zabalagoa dela. Ja!

Idazten ari natzaizuela geure jaima maitean gaude. Lurrek gitarra du eskutan eta Amal-ek nire kaxona hartu du. Inprobisatuz lerro hauek inspiratu dituzte. Aldi berean geure familiako hiru neska gazteak, Mamia (23 urte), Buha (25 urte) eta Salma (30 urte) belarritakoak probatzen eta ilea apaintzen ari dira. Lurren arreba Ametsek eta nire arreba Inesek bidalitako apaingarriak dira denak eta bistan da Amets Etxarrin eta Ines Estatu Batuetan dagoen arren, oso era estuan egin dutela bat.

Hori da geure jaimako egoera. Hala ere jaialditik urrun gauden arren, egunero jotzen dugu hara goiz, arratsalde eta gauez. Aurrekoan zuzeneko akustiko bat egiteko proposamena luzatu ziguten Radio3 irratikoek. 19:00etan zen Dajlatik Espainia osoan zabalduko zen zuzeneko elkarrizketa eta 10 minuturen faltan ez zen argirik bertan. Ezinbestekoa da hemen komunikabideen papera. Saharauien egoera mundu osoan zehar ikustaraztea. Elkarrizketa horrek aurrera egin behar zuen. Horretarako azken orduan korrika jo dute Radio Dajla-ko saharauiek generadore baten bila eta eurei esker 19:00etan zuzenean geunden. Gu geu eta milaka lagun beste aldean. Nahi izan duguna esan eta nahi izan duguna jo dugu "El séptimo vicio" saioko Torentinorekin bat. Askatasun osoz Euskaldunon egoera Saharauienarekin alderatu ahal izan dugu eta Begitara Begira, Ekainak 24, Sugarra Zugan eta Oroitzapenetan bezalako abestiak jo ahal izan ditugu. Eskertzekoa euren papera borroka honetan.

19:00etan zuzenean geunden. Argi utzi digute berriz herri bat zapaltzeak eta egoerarik ankerrenera eramateak beronen batasuna dakarrela. Guk ere badugu horretan zer ikasi. Geure lurretatik bota gaitzaten itxaron behar al dugu espabilatzeko? Geure Euskal Herri maitearengandik banantzen gaituen harresi erraldoi bat eraiki behar al dute geure muturrean guk mahai gainean kolpe bat emateko? Tristea da, baina hala dela dirudi. Jarrai dezagun aspertzeko denborarik gabe, jarrai dezagun hemendik hara berandu ailegatuz, eta ohartzerako harresia izanen dugu geure muturretan.

Dunetara goaz gaur, beraz, bihar pasako dizuegu are pixka bat hemendik. Besarkada handi bat geure jaimatxo honetatik!