Ikoitz blog naiz+

13 ikasle epaitu, milaka ikasle kalean

Ikasle Abertzaleak-en irakurketa

Naiz (iritzia)

ELEAK Mugimenduaren salaketa

2008ko urtarrilaren 31 zen. Ikaslerik ez zen ageri. Liburutegian edo klasean, apunte artean galduta, azterketak gainditzeko ahaleginean ari giren. Hotza eta haizea nagusi ziren Leioako campusean. Gutxi iraungo zuen ordea, azkar batean egurtu gintuzten eta.

Orduko gertakari horien ondorioz unibertsitatearen pribatitazioaren aurka borrokatzeagatik 13 ikasle epaituak izango garen bitartean milaka izango gara ere kalera aterako garenak ordungo aldarri berdinari gogor eutsita.

Bologna Prozesuaren aurkako borrokak eztanda egin zuen unibertsitateetan. Fakultateetako asanbladak, manifestazioak, itxialdiak, ikasle greba orokor arrakastatsuak... ikasle mugimendu sendo eta indartsu bat Euskal Herriko unibertsitateak astintzen ari zen. Unibertsitateen isiltasun eta azpikeriaren gainetik lau haizetara zabaldu genuen unibertsitatea pribatizatzeko asmoz zetorren prozesu europarra. Baita ozen oihukatu ere Bakaikun egin zen Europako Ikasle Foroan ikasleon aldarria: Bolognari EZ!

Ohi bezala ikasleon hitzari entzungor eginez aurrera jarraitu zuten unibertsitateko agintari eta enpresek. Ikasleok ez dugu sekula etsi ordea, eta borrokan jarraitu genuen. Lehen proba piloei ekin zioten, eta gelditzen ahalegindu ginen, baita asko lortu ere. Tantaz tanta ikasleria batu eta uholde geldiezina altxatzen ari zen. Bologna gelditzen ari ginen!

Errektore eta dekanoak beldurtu egin ziren ordea. Ikasle borrokak ez baitzien beraien interesetan aurrera egiten uzten. Oztopo bat ginen. Zer egin beraz? Erraza: oztopoa erditik kendu. Horregatik UPVek “Listado de Infracciones y Sanciones” delako dekretu errepresiboa ikasle borroka kriminalizatzea helburu zuen arau sorta aurkeztu zuen klaustroaren aurrean. Ikasle mugimendua mehatxu eta beldurrarekin zokoratu nahi izan zuten, eta bidea libre eduki unibertsitatearen erabateko pribatizazioan. 

Baina ez! Ikasleak ez geuden prest halakorik onartzeko. Gure eskubideak urratu eta etorkizuna baldintzatu nahi zuten prozesuaren aurrean gure hitza eta erabakitzeko eskubidea besterik ez genuen eskatzen. Eta ez geuden prest amore emateko. Horregatik, 2007ko abenduaren hasieran egin zen klaustro hura gelditu genuen. 250 ikasle baino gehiagok “ez, ez, ez, Bolognari ez!” eta “ikasleon hitza errespetatu” oihukatuz, delako arauadia onartzea eragotzi genuen. Ikasle borrokaren garaipen bat gehiago izan zen.

Urtarrila iritsi zen ordea, eta berarekin batera azterketa itogarriak. Horretaz baliatu zen UPV beste klaustro berri bat deitu eta abenduan onartu ezin izan zutena onesteko. Kolore ezberdinetako txakur harresi errepresiboa jarri zuten areto atarian. Eta ikasleak, oztopoz oztopo, bertan izan ginen ere. Klaustroaren barruan hainbat ikasle ordezkariren bitartez eta kanpoan kontzentrazioan batuta gure hitza aldarrikatu genuen beste behin ere.

Ez zen aski izan UPVko agintariek entzungor egitearena, ordea. Isilarazi egin nahi izan gintuzten eta segurtasun indar pribatu nahiz Ertzaintza bidali zuten ikasleria egurtzera. Orduan, identifikazioak, borra hedagarriak, bultzadak, pelotazoak... pairatu genituen. Gaur, gertakari horien aitzakipean 13 ikasle epaituak izango gara, ikasleriaren hitza aldarrikatzeko eskubidea defendatu eta unibertsitatearen pribatizazioa salatzeagatik.

Baina hau ez da kasu isolatu bat. Unibertsitateetan ere aspaldikoa da bortizkeriaren erabilera aldarrikapenak isilarazteko. Segurtasun indar pribatu nahiz “publikoek” maiz egurtu izan gaituzte unibertsitateetako arduradunen baimenarekin eta ez da ezer gertatu. Errealitate honen adibide garbi bat ikasturte honen hasieran UPNAn gertatutakoa. Foruzainak unibertsitate barrura sartu eta ikasleei oldartu zitzaizkien murrizketa eta tasen igoera salatzeagatik. Nafar Parlamentuak berak ere erasook arbuiatu ditu. Eta UPNAko agintariak mutu.

Bologna Prozesua, “Listado de Infracciones y Sanciones”, errepresio etengabea, erreformak, murrizketak, tasen igoerak.... unibertsitatearen pribatizazioaren bidean urrats ezberdinak dira. Gutxi batzuen interesei erantzungo dieten unibertsitateak eraikitzeko buru belarri dabiltza. Eta benetako garapen eta heziketa integralean inbertsioak egin beharrean, krisiaz baliatzen ari dira eskubide urraketan sakondu eta sistemaren beharrak aseko dituen eliteak sortzeko.

Baina ez! Arrazoiak soberan ditugu, galtzeko ezer gutxi eta irabazteko dena. Irailaren 26ean eta urriaren 11n ikasleok batu eta kalera ateratzeko garaia dugu! Erreformen aurka, Bologna, tasen ingoera eta elitizazioaren kontra. Gure eskubideen defentsan, hezkuntza herritar baten alde borrokan jarraitzeko garaia dugu. Ikasle borrokaz lortuko dugulako, ikasleok greba orokorretara!