Ikoitz blog naiz+

Badator Uharteko piraten jai nazionala

ahotsa.info atariak zabaldu duenez, SORTZEN elkarteak maiatzaren 18an, Uharten, egingo duen jai nazionalaren bideoklipa aurkeztu du. Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa helburu, urteak daramatzate eskola publikoetan lanean irakasle, familia, langile eta ikasleak, eta amesten duten hezkuntza horretara euren eguneroko lanaren bitartez hurbiltzen saiatzen dira.

Herriz herri eta eskolaz eskola egiten duten lana kalera atera eta ospatzeko jaia antolatu dute bi hamarkada luzez Iruñeko Takonera parkean. Azken bi urteotan, ordea, eguraldia ez dute lagun izan eta udaberriko ekaitzek ez diete utzi euskal eskolaren aldeko lana behar eta nahi bezala ospatzen.

Aurtengo ikasturtea, ekonomikoki itota abiatu zuten, "itsaso zakarrean flotatzeko baltsa bakar moduan gure kideon babesa genuelarik. Harik eta Uharteko piraten txaluparekin topo egin genuen arte", diote Sortzeneko kideek. "Tipu piratak bere Uhartea eskaini zigun jai-gune berria eraikitzeko herri gisa, eta uhartearrak lanean hasi ziren euskal eskola publiko berriaren aldeko jaia antolatzen".

Uharte, PAI gelditu duen herria

PAIa geldituz eta euskarazko matrikulazioa igoz, Uharteko piratak langile finak direla erakutsi dute, eta horregaitik Sortzeneko kideek aurten Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jaia oso ona izango delakoan daude. Uharteko eskolako piratek unitate didaktikoa prestatu dute eta "Tipu pirata zazpi itsasoetan barrena ari da hura zabaltzen". Bidaia horretan Oihana-Afu eta El-Drogas pirata kantariak izan ditu bidelagun, eta Xabi Zabalaren irlan geldialditxoa egin dute jaia alaitzeko kantua grabatzeko.

Baina bitartean Uharteko piratak ez dira geldirik egon eta egitarau zabala osatu dugu maiatzaren 18a ospakizun eguna izan dadin. Hiru gunetan antolatu dituzte emanaldi eta tailerrak, eta horietan lekua egin diete aurreko bi edizioetako lagunei: batetik, artisauak, ardi ile-moztaileak edota rokodromoa hartuko ditu Arga ibai ertzeko Hazitxo guneak familiko txikienek gozatzeko; bigarrenik, gazteentzako tailer eta kontzertuak Txantxu guneak bilduko ditu; eta azkenik, Uharteko eskola plazan familia osoarentzako emanaldi nagusiak ikusi ahal izango ditugu Tipu gunean.