Ikoitz blog naiz+

Bilboko grebalariek atxikimendu bilketa abiarazi dute

Grebalariak aske! Bilboko Herri Plataformak kaleratu duen manifestuaren aldeko norbanako eta eragileen atxikimendu bilketa abiarazi dute. Atxikimenduetarako klik hemen!

2012ko ekainean Ertzaintzak Deustuko hiru gazte (Irantzu Yaldebere, Jon Telletxea eta Urtzi Martinez) eta Indautxuko bat (Aitor Fernandez) atxilotu zituen, martxoaren 29ko Greba Orokorraren egunean Bilbon gertatutako istilu batzuetan parte hartu izana leporatuz.Epailearen aurrean agertu ostean, aske geratu ziren, epaiketaren zain. Hasiera-hasieratik susmatu genuen poliziaren muntaia baten aurrean geundela, eta susmo horiek berretsi egin ziren haien kontrako akusazio zehatzen berri jakin genuenean. Akusazio larriak izateaz gain, poliziak gertakarien inguruan emandako bertsioan soilik oinarritzen dira, gazte horien parte-hartzearen inolako frogarik gabe. Horri guztiari fiskaltzaren zigor eskaera izugarria gehitu behar zaio: 42 urtetik gorako espetxe zigorra gazte horietako hirurentzat (14 urte inguru bakoitzarentzat) eta 18 hilabeteko lan soziala adingabearentzat, egun hartako istiluekin lotutako hainbat delitu leporatuz.

Aitor, Irantzu, Jon eta Urtzi beren auzoetako jendarte mugimenduan lan handia egiten duten gazteak dira, eta Deustuko Greba Asanbladako kideak. Inolako zalantzarik gabe, horrexegatik erabiltzen dituzte turko-buru gisa.

Agerikoa da ez direla desordenak edo erasoak zigortzen ari, baizik eta beste eredu sozioekonomiko baten aldeko borroka eta konpromisoa. Herri sektore anitzen eta langileriaren borrokak aurrera egiten duen heinean, errepresioak ere gora egiten du. Hor daude kaleratzeen aurkako plataformen kontrako erasoak, Gernikako eta Iruñerriko grebalarien kontrakoak…

Oso argi daukagu kolpe errepresibo honek, beste askok bezala, bi helburu nabari dituela: borroka sozialen kriminalizazioa eta desaktibazioa. Eta bide horretan, baina norabide batean soilik, eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliko dituzte: polizia, hedabideak, sistema judiziala…

Hori guztia kontuan izanik, agiri hau sinatzen dugunok:
- Muntaia polizialari amaiera ematea eta auzia artxibatzea exijitzen dugu.
- Antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu.
- Bidegabekeria hau salatzeko eta sozializatzeko lan egingo dugu.
- Gure babesa eta elkartasuna adierazten dizkiegu auzipetuei.

Grebalariak aske! Herri plataforma