Ikoitz blog naiz+

Dantzatzeari utzi ez diezaiogun

Euskal Herria eta mundua ikasle begiradatik aztertzea izan da blog honen helburua, arkatz gorriz idatzitako begirada, alegia. Naiz proiektua sortu zenetik hemen izan da nire 'arkatza' eta hemen egoten jarraituko du, hau delako bere tokia. Herri zapaldu bateko ikasleria da gurea, eta herri honetako historia ez dute boterearen zerbitzura dauden komunikabideek idatziko. Naiz proiektuak ikasle mugimenduaren eta hezkuntzaren ingurukoak berean behar dituelako eta helburuak lortzeko gure baliabideak elikatu behar ditugulako, guk gure arkatzekin idatziko dugu herri honen historia. Gure medioak beharrezkoak ditugulako.

Denbora guzti honetan hamaika izan dira 'Ikoitzen arkatzean' sortu ditudan postak: hezkuntza komunitatearen deialdiak, lehenengo aldiz euskal medio baten 'La educación prohibida' filma osorik ikusteko aukera, formakuntza bitartekoak, nazioarteko ikasle mugimenduen gertaerak, Wert eta LOMCEren inguruko berriak, maila lokalean egin diren ikasle mobilizazioak... eta azkenak Ikasle Abertzaleak antolakundearen 25. urteurrenari zegozkionak.

Asko izan da, ere, Ikasle Abertzaleak-eko kide eta eledun gisa idatzi eta esan ditudanak. Horregatik, blog hau baliatuz inoiz 'ezohiko ikasle' izateari utzi gabe IAko kide bezala idazten ditudan azken lerroak konpartitu nahi ditut.

Ez da erraza IAn emandako urte guzti hauek laburbiltzea ezta bere alde honak zein txarrak zerrendatzea ere. Hala ere, zerbait azpimarratu behar badut, IA iraultzaile eskola bat dela esango nuke. Lehenengo militantzia izan ohi da IAkoa. Hala izan zen nirea ere. Ikastolan hasi eta gaurdaino ikasle antolakundean jardun dut. Eta hamaika izan dira bertan bizitako esperientziak. Ez naiz ezer berririk esaten ari, IAko kide izandako denok berdina baitiogu.

Onak eta txarrak izan dira IAn militatzeak eman dizkidan momentuak, noski. Baina bizipen guztiak bilakatu dira onak denborarekin. Egia da ordu amaigabeak pasa ditugula bileretan, beste horrenbeste herritik herrira bidaiatzen, turno mordoa egin dugu txosnetan eta tabernetan, manifetan pegatinak saltzen egon behar izan gara, lo gutxi egin dugu, tentsio une handiak bizi izan ditugu, errepresioa lehenengo pertsonak bizi izan dugu... finean, gure bizitza militantzian inbertitu dugu. Niretzako militantzia bizitzeko beste modu bat da, eta beraz, IAn militatuta zegokidana IA nire bizitzaren parte izatea da.

Eta amaigabea izan daitekeen aurreko zerrenda horren aldean, IAko kide izanagatik pozik eta harro egoteko moduan nago. Egun naizena IAgatik naizela esan dezaket. Berta ikasi dut badela ikastetxeko paretetatik harago non ikasi, txosna bat montatzen, pankarta bat egiten, jaialdi bat atolatzen, kartel bat egiten, bilkura baten nire iritzia ematen, proiektu bat garatzen, jendaurrean hitzegiten...

Iragan abenduan IAk egindako VI. Kongresua, gainera, bereziki inportantea izan da. Itxuraz gauzak asko aldatu ez badira ere, aldaketa handia etorriko da Ikasle Abertzaleak-en eta baita ikasle mugimenduan ere. Baliteke kongresu hori atzera begiratu eta nostalgiko jartzeko arrazoi asko eman izana, horregatik, agian, aldaketa somatu izana.

Bertan ez zen soilik ponentzia bat osatu eta proiektu politiko bat berdefinitu. Ez. Bertan erlazionatzeko, militatzeko, borrokatzeko eta bizitzeko modu berriak definitu genituen. Honengatik, batez ere azken txanpa honetan IAk emandakoarekin nahi dut gelditu, aurreko ezer bidean utzi gabe, noski!

Eta guzti hau pasata, 25. urteurrena ekarri genuen mahai gainera. Martxoan Urduñan hasi eta gaur, Donostian, azaroaren 16an luzatuko zen gau amaigabearekin bukatuko zena. Azken Ikasle Dantza IAn izan dudan azken erronka izan da. Nire (eta beste askoren) azken indar eta ilusioak bertan jarri ditugu horrenbeste eman digun antolakundeak merezitako urteurren jaia izan zezan. Gauzak, baina, ez dira beti pentsatzen dugun bezalakoak eta errealitateaz jakitun, inoizko erabakirik zailena hartu behar izan genuen: Azken Ikasle Dantza bertzan behera uztea.

Triste gaude hartutako erabakiarekin, bai. Oso. Baina harro gaude gure kidegoarekin zintzoak izan garelako eta hartutako erabakia egokiena izan delako. Ikasle egun hau azkena izan zedin genituen arrazoi berdinak izan dira Azken Ikasle Dantza bertan behera uzteko erabakia hartzera eraman gaituztenak.

Baina Azken Ikasle Dantza-rekin, edo gabe, Ines Osinagak esaten duen bezala, 'dantzatu ezin bada, ez da nire iraultza!' Eta zihur nago 'nire generazioarentzat' ziklo baten amaiera den hau, gelditzen diren ikasle iraultzaile guztien hasiera besterik ez dela izango. Eurak izango dira aurrerantzean IAn eta ikasle mugimenduan Euskal Herria astindu eta hezkuntzatik eraikitzen motore izango direnak. Dudarik ez!

Beraz, Euskal Herria dugulako irabazteko, atzoko, gaurko eta biharko ez ohiko ikasleen omenez, zorionak Ikasle Abertzaleak eta aurrera!

Ikoitz Arrese Otegi

Ez ohiko ikaslea