Ikoitz blog naiz+

Eskutik eskura sortu da 'Aramaixoko Herri Curriculume'

"Zer jakin beharko luke 12 urteko aramaioar batek Aramaiori buruz eskolatik alde egiterakoan" Galdera horri erantzuten aritu dira San Martin eskolako, guraso elkarteko, herri mugimenduetako, Udaleko zein beste hainbat kide elkarlanean.

Orain hiru urte hasi ziren Aramaioko Herri Curriculuma (AHC) lantaldeko kideak herrian hezkuntza proiektu hau lantzen eta iragan ostiralean, hilak 12, egin zuten aurkezpen publikoa dozenaka lagunen eta Porrotx pailazoaren babesarekin. "Herri batek duen nortasuna eta berezitasuna ezin du definitu kanpotik datorren curriculum batek, hortaz, euskal curriculumaren osagarria izango da gurea", adierazi zuten AHCko kideek. Eta horretarako herritarren parte-hartzea eskatu zuten helburua delako herritik jasotakoa (kultura, ondarea, jakintza…) eskolara eramatea eta eskolan landutakoa herrira itzultzea.

Euskal curriculuma oinarri hartuta, herri curriculum honek hasi du bere bidea eta datozen egun, aste eta ikasturteetan eskutik eskura zabalduko dute etengabe eraberritzen arituko den proiektua.