Ikoitz blog naiz+

"Herri hezitzailea, eskola herritarra" jardunaldiak

Bihar eta etzi, "Herri hezitzailea, eskola herritarra" jardunaldiak izango dira Donostiako Kursaal jauregian Hik Hasi-ren eskutik. Francesco Tonucci pedagogo italiarra eta Haurren hiria egitasmoaren sortzailea bi egunetan izango da, gainera. Haurren hiria liburua italieratik euskarara itzuli egin da eta jardunaldietako parte-hartzaileei banatu egingo zaie.

Hik Hasi-ren oharra:

Herri hezitzaile eta parte hartzaile baten inguruko hausnarketan gabiltza Euskal Herriko hainbat eragile; hala nola, Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi elkartea, Irrien Lagunak, HUHEZIko Sorguneak ikerketa taldea, Oarsoaldeko Euskara Batzordea, Lizarrako eta Iruñeko udal haur eskolak eta Hik Hasi eta  Hazi Hezi heziketa aldizkariak. Aipaturiko eragile horiek guztiak elkartu gara haurrentzako egokiak diren herriak edo hiriak pentsatzeko, eta hainbat urrats emateko. Horrela, maiatzaren 10ean eta 11n, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin jardunaldiak egingo dira Donostiako Kursaalen.

  • Zergatik  herri hezitzaile eta parte hartzaile baten inguruko jardunaldiak?

Garapenean, ekoizpenean eta kontsumismoan oinarrituriko hiri-ereduak eskema horretatik kanpo dauden kolektiboei —hala nola haurrei, emakumeei, elbarriei, adinekoei, etorkinei...— oztopo ugari ezartzen dizkie. Eragileok, bereziki, hiri-eredu horrek haurren heziketan —sozia

lizazioan, autonomian eta ongizatean— zer-nolako eragina duen hausnartzen ari gara, eta haurrak kalean jolastu, bizi eta hezi ahal izango duen bestelako herri-eredu baten aldeko urratsak nola eman litezkeen pentsatzeko.

  • Francesco Tonucciren ekarpena

Maila teorikoan, Francesco Tonucci pedagogo italiarra izango da gonbidatu berezia. Tonuccik —Frato goitizinez ezaguna den marrazkilariak— Haurren hiria proposamena gauzatu du Europan —Italian nagusiki, baina baita Espainian eta Katalunian ere— eta Amerikan —Guatemalan, Mexikon, Argentinan...—. Eta, Euskal Herrian bertan ere, hainbat lekutan ari dira haren proposamena aurrera eramaten. Proposamen horrek hiriaren erdigunean haurra ezartzen du, lurraldea haurrarengan pentsatuz antolatu behar dela dio, eta horretarako prozesu parte hartzaileak proposatzen ditu —haurren kontseiluak sortu ditu hainbat udaletan—.

  • Euskal Herriko ekarpena

Horrez gain, Euskal Herrian egiten ari diren hausnarketak eta praktikak ezagutaraziko dira formazio-jardunaldi horietan, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu dituen hainbat esperientziaren berri emango da.