Ikoitz blog naiz+

IkerGazte, nazioarteko ikerketa euskaraz

Maiatzaren 13, 14 eta 15ean euskal komunitate zientifikoaren hitzordua izango dela iragarri dute IkerGazteko kideek. Durangoko Landako eremuan egingo duten kongresuan parte hartzeko deia egin diete euskal ikerlari gazte guztiei.

 Gazte ikerlarien azalpenak:

> Olatz Perez de Viñaspre

> Estitxu Garai

> Xabier Landabidea

IkerGazte-ko kideen gonbidapena:

Asko gara ikerkuntzan dihardugunok eta asko gara eguneroko lan hori euskaraz egiten dugunok. Hemen, puntako ikerkuntza egiten dugu alor guztietan: giza zientzietan, gizarte-zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologia eta arkitekturan edota osasunean. Urteak daramatzagu UEUn arloz arloko profesional eta ikertzaileen bilkurak antolatzen, eta oraingo honetan jauzi garrantzitsu bat eman eta arlo guztietako ikertzaile euskaldunentzako bilgunea osatu nahi dugu. UEUren izaera bateratzaile eta integratzaileari zein UEUk euskararekiko duen konpromisoari eutsirik, IkerGazte 2015 ikertzaile euskaldunen lehen kongresurako deia luzatzen dizugu. Ikertzaile gazteen aldetik azken urteotan izan den hazkundea dela-eta, haiek bildu eta ikusgarritasunhandiagoa ematea da xede nagusia. Gazte diogunean ibilbide zientifikoaz ari gara; tesia bukatzen ari zaren horri edo azken lauzpabost urteetan amaitu duzun horri zuzenduta dago kongresua.

Kongresuari hasiera emateko nazioartean izena duen hizlari bat izango dugu. Saio zientifikoetan, jasotako lanen artean hautatutako eta arlo guztiak ordezkatuko dituzten lanen aurkezpenak izango ditugu, bai ahoz aurkeztuta bai poster formatuan. Parte-hartzaileok Euskal Herrian egiten den goi-mailako ikerkuntzaren gaineko ikuspegia izango dugu. Kongresuan parte hartuko dugun ikertzaileon arteko harremanak errazteko tailer (mintegi) interesgarriak eta saio osagarriak ere izango dira. Horretaz gain, kongresuak iraun bitartean Durangon bertan lo egiteko aukera izango dugu eta hori ere bultzatuko dugu.

Beraz, ikerkuntza-proiektu baten emaitzak ezagutarazi nahi dituzula? Erdu! Tesia bukatzear edo bukatu berri duzula eta zure emaitzen berri eman nahi duzula? Zatoz zu ere! Nazioarte mailako ikerkuntzaren berri euskaraz! Ez ezazu aukera galdu!

Hautatutako artikuluak ISBNa izango duen argitalpen digital batean agertuko dira eta Euskal Herriko hainbat argitaletxerekin lankidetzan batzuen bertsio hedatuak aldizkari espezializatuetan argitaratzeko aukera ere egongo da.